Oilaskoa eta arrozesnea, pakistandar erara

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 30a, 01:00

Banaiz Bagara elkarteak an­tolatuta, tailer-afari pakistan­da­rra egingo da datorren os­tiralean, apirilak 4, Larra­mendi kaleako Gure Txoko elkartean. Arratsaldeko 18:00e­tan tailerra hasiko da: Tanveer Hussein eta Yasin Jatt sukal­dari pakistan­da­rrek oilaskoa saltsan eta arroz­esnea presta­tzen iraka­tsi­ko dute, eta 20:00ak inguruan afaldu egingo dute.
Tailer-afari honetan parte hartzeko izena eman behar da banaiga6@gmail.com helbi­de­an edo 645 733 818 telefonoan. 12 euro balio ditu (haurrentzat doan da).
Tailerra eman aurretik, Pakistaneko gastronomiaz ari­tu zaio Kronikari Tanveer Hussein.

Zein plater prestatuko dituzue tailerrean?
Oilaskoa saltsan, patatekin, eta arrozesnea. Dena, pakistandar eran. Eta taloak! Plater hauek hemen bertakoak direla ema­ten du, baina pakistandar eran prestatuta, oso diferenteak dira.

Zein dira Pakistango jaki tradizionalak?
Arruntena da arroza Biriyani erara oilaskoarekin, eta taloak. Biriyani da espezia nahasketa. Barazkiak ere asko jaten dira: azenarioa, azalorea, pakora (pa­tata, tomatea, irin berezi bat, eta piper berde eta gorriak oliba olioarekin).
Taloak otordu guztietan jaten ditugu. Batzuek ogia ere bai, baina ez hainbeste.
Bestalde, espeziak oso garrantzitsuak dira Pakistango sukaldaritzan: gengibrea, bara­txuria, piper hautsa, gorria eta beltza, tipula...

Sukaldea oso desberdina da Pakistanen eta Euskal Herrian?
Han, herri txikietan beti ema­kumeek prestatzen dute jana­ria. Gu, hona etorri aurretik, ez geunden sukaldean ohituta. Hemen, familiarik gabe bizi eta gero ikasi dugu sukaldean.
Herri txikietan oraindik sua erabiltzen da janaria presta­tze­ko. Taloak ere su gainean egi­ten dira, burdin berezi batekin. Normalean, irinarekin (batzue­tan arto-irina), gatzarekin eta urarekin masa egiten da, rulo­ar­ekin burdin batean zapaldu eta bi minututan, listo. Nik egunero prestatzen ditut ta­lo­ak, lehenengoak, goizean goiz, gosaltzeko.

Beti erabiltzen duzue Halal haragia? Erraz lortzen da?
Guk jaten dugun haragia beti da Halal. Musulman prakti­kan­teok ez dugu beste haragirik jaten. Denda marrokiar eta pakistandarretan erosten dugu. Herri askotan daude Euskal Herrian. Supermerkatuan ere saltzen da, baina egia esan, hor ez dugu erosten, ez daukagu konfiantzarik.
Halal hitzak esan nahi du ‘baimendua’, Koranak jartzen di­tuen arauen arabera.  Hara­gia­ren kasuan, arauak esaten du ani­maliak odol guztia isuri be­har duela, sakrifikatu ondo­ren. Ani­malien odola jatea ez da Halal.

Zer moduz moldatzen zarete Euskal Herrian?
3 urte daramazkigu, eta oso gustora bizi gara hemen. Dena da berria: festak, jantziak... (hemen jendea praka eta kamisetekin ibiltzen da, eta gu Pakistango kaftan luzeetara gaude ohituta). Bizimodua ere desberdina da. Pakistanen, herri txikietan, jendea familian bizi da, eta emakumeak bakarrik, sekula ez. Etxe aurreko plazan egiten da bizitza. Etxeek, berriz, lauz­pabost gela dituzte eta erdian pa­tioa egoten da. Hor pres­tatzen da janaria, garbitzen da arropa, elkartzen da fa­milia...

Euskera ere ikasi duzue...
Urdua, punjabia, gaztelania, euskera eta grekoa hitz egiten ditut. Euskera ikasi dut harre­manak hobetzeko, hemengo jendearekin hitz egiteko eta lana aurkitzeko!

Hemengo janaria gustatzen zaizue?
Arraina, pintxoak, kafesnea eta pastak, asko. Diferentea da. Baina txerria ezin dugu jan!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!