Zergatik erabaki duzue Keralara joatea? Nolaz azken ordura arte ez jakinaraztea?
Azken orduan jakin genuelako ez genuen jakinarazi. Foru Aldundiak proposamen bat jaso zuen Keralara joateko, Marta Hanneckerrek egina. Bidaia antolatua zegoen, eta hiru kide bidaltzea erabaki zuen: bi kide, Foru Aldunditik, eta kide bat, Gipuzkoako herriren batetik. Beraiek egin zuten zerrenda bat, partehartze prozesuetan lanean ari diren herrien artean: Beasain zegoen lehenengo, eta Hernani bigarren. Beraz, Hernaniri ez zegokion joaterik. Azken astean, ordea, Foru Aldundiko ordezkarietako batek huts egin zuen, eta erabaki zuten listan bigarren zegoen herriari deitzea, alegia, guri. Guk baiezkoa erabaki genuen.
Azaldu zein den Marta Hannecker eta nola egin zion gonbitea Foru Aldundiari?
Marta Hannecker da demokrazia partehartzailearen erreferentzia haundienetako bat. Cuban aholkulari izana da, eta baita Venezuelan ere, Chavezekin. Ia 86 publikazio baditu idatziak. Hemengo partehartze prozesua ezagutzen du, eta hark adierazi zion Diputazioari, Gipuzkoarentzat interesgarria izan zitekeela joatea.
Zer da Kerala, eta zergatik halako garrantzia?
Kerala da Indiako estatu bat, neurriz Katalunia adinakoa, eta 32 miloi biztanle dituena. 1986an lege bat onartu zuten Indian, Estatuaren Deszentralizazioaren Legea. Kerala da deszentralizazio horretan aurreratuena dagoen herria. Nolabait esateko, dena dago partehartzean oinarritua, herrietako auzoetaraino. Estatua, probintzia, eskualdea, herria... eta auzoa. Aurrekontuaren %10 inguru auzoei ematen zaie.
India ez dela eredugarria diote batzuk...
Zenbaiten diskurtsoari kaso eginda esan beharko genuke India munduko 5. potentzia dela. Baina ez da hori kontua. Keralak lortu duena sekulakoa da: Indiako kasta famatuek ez dute indarrik apenas, analfabetismorik ez dago, emakumeen partehartzea haundia da, langabezia %10etik behera dago... erreferente bat da India barruan, eta mundu mailan.
Nondik nora ibili zarete?
Bixita asko egin ditugu. Adibidez, proiektu mordoxka bat ikusi ditugu auzoetatik sortuak. Auzoek proposatu eta Udalak martxan jarri: nekazarien proiektu bat, etxeak berritzeko proiektu bat, arropa josten zuten emakumeen beste proiektu bat... Bertako agintariekin hitz egiteko aukera izan dugu, hiru herrietako Alkateekin egon gara, kasualitatez, hirurak emakumezkoak; auzoak ikusi ditugu, partehartzetik sortutako proiektuak ikusi ditugu...
Indiaraino joan beharra al zegoen?
Aukera sortu zen, eta erabaki genuen baietz. Europan ez dago dimentsio horretako adibiderik, eredu ezkertiar batean oinarritutakorik. Formazioa nola ikusten dugun ere garrantzitsua da. Gauza guztiak ez dira liburuetan ikasten.
Hernanik antzemango al dio bidaia honi?
Bai. Nahi dugu, Auzo Elkarteek eta sektore ezberdinek (nekazari, industria, emakume, euskara...) aurrekontuetan partehartzea. Orain arte egiten genuenarekin ez ginen erabat gustora, eta uste dugu, orain ikusitakoarekin martxan jarri ahal izango dugula urte guztian egin beharreko lan bat, sistematizatua, eta bi talde horien proposamenetatik abiatzen dena: Auzo Elkarteak, eta Sektoreak. Aste Santuan hasiko gara.
Zenbat kosta zaio Hernaniri Alkatearen Indiako bidaia?
483 euro.
Bidaia guztia Hernanik ordaindu al du?
Ez. Gipuzkoako Foru Aldundiak ordaindu du joan-etorria, eta hotel batzuk. Hernaniko Udalak barruko mugimenduak eta otordu batzuk. Itzultzaile bat ere hartu zen, eta Udalak ordaindu du berari zegokion zatia.