Lauhankekua edo arrobiyua, etxe ondoko iturri eta askatako zaintzaile isila

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 16a, 01:00

Anfibio eta narrastiak - 2. fitxa: Lissotriton helveticus - Lauhankekua / arrobiyua

Arixtegi eta Orkolaga baserrien artean ondo dakite anfibio honen berri. «Iturri bat bazan gure baserriya eta ondokuan artian. Ganaduak hara eraman, eta hoiek sortutako loiakin, tarteka bete egiten zan iturria eta galdu. Tarteka atxurra hartu eta garbitzera juten giñan. Ordun pila bat azaltzen zan arrobiyua». Batzuk arrobiyua esaten diote Herna­nin, eta beste batzuk lau-hankekua. Euskera batuan, uhan­­dre palmatua dauka ize­na, arrak hanketan igeri egiteko mintza daukalako. Izen zientifikoa Lissotriton helveticus. Hernani osoan bizi da, eta gure inguruan oso ezaguna, etxe ondoko iturri eta as­ketan ere bizi delako. Ho­rrez gain, or­dea, putzu guztiak maite ditu, haundi zein txiki... baita pista-zuloetako putzuak ere.

Mendiko arrobiyo beltz horiaren lehengusua
Arrobiyua beste espezie bati ere esaten zaio. Beste arrobiyua, Sala­man­dra salamandra,   bel­tza eta horia da, eta goi al­dean bizi da, beraz, Herna­nin zenbait lekutan ez dute inoiz ikusi. Batzuk, horregatik, bati ureko arrobiyua esaten diote, eta besteari mendi-arrobiyua.  

Txalburu arteko lauhankakoa
Lauhankekoa deitzen diote ba­tzuk, eta badirudi uste ustel bati lotutako izena dela. Izan ere, txalburu artean bizi da, eta askok uste dute, txalburu hori bera dela, garatuagoa; eta ez da horrela, beste espezie bat da hau.

Putzuetako ‘zaintzailea’
Lauhankekuak ur zaleak dira, eta han jaten ditu krustazeo txikiak, ur arkakuso, kakalardo, elbi eta eltxo-larbak. Motel xamarraren fama dauka, baina bazter gehienetara iritsiko da, eta lehorrean ere apetitu politekoa, intsektu txikiak eta beren larbak, armiarmak, txitxareak eta karakolak muzinik gabe jango ditu.
Kortejatzeko garaian, arrak emeari dan­tza ikusgarri bat egiten dio urean. Emeak arrau­tzak banaka jartzen ditu, hostoak tolestuta, eta 400 arrautza jartzeraino iritsi liteke. 2-4 hilabete barru, beste lauhankekoa hortxe izango da, metaformosia eginda. 7,5 cm izatera iritsi liteke, eta kolore nabarra du nagusi. «Gorrik izaten dira!» dio beste hernaniar batek, eta bai, oliba ikutu bat eta begietan mozorro edo antifaz gisakoa dauka; azpia, zurizta.
Arrak gandorra dauka, eta hanketan mintza, behatzen artean, igeri egiteko; emeak ez.
Ez dago galtzeko arriskuan, eta oso arrunta da. Hala ere, oraintxe gutxi frogatu dute, konifera basoetan eta batez ere eukalipto basoetan, askoz egoera kaxkarragoan bizi dela, beste basoetan baino.

Hernaniarrei entzuna
«Guk itturriya zipotzakin tapatu, egurra eta buztiña bueltan jarrita, eta arrobiyuak, alu haik, buztiña jan ta berriz itturriya iriki»

FITXAK

1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!