«Bilduk beste interes batzuen alde egin du eta inposaketa justifikatzeko, ipuina asmatu du»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 5a, 02:00

Bosgarren edukiontziaren alde agertu arren, herri galdeketa egitearen aldeko zirela eta direla azaldu du EAJ-PNVk. Gaineratu du, kezka haundiz jarraitzen dutela udal gobernuak erabaki dituen inbertsio eta gastuen «zerrenda luzea».

EAJ-PNV alderdiak dio, ez alkateak ez Bilduko gobernuak ez dutela adorerik izan herriaren interesak ezker abertzalearen interesen gainetik jarri, «eta gutxienez, herri galdeketa egiteko». Hala azaldu du: «2012ko otsailaren 22an ezker abertzaleak prentsaurreko bidez adierazi zuen Gipuzkoako 34 herrirentzat zeukan legealdirako proiektua: atez ateko zabor jasotze sistema ezartzea. Nahiz eta hauteskunde aurreko kanpainan Astiga­rra­gako alkategaiak publikoki esan, herri galdeketa bideratuko zuela gure herrian zabor bilketa sistema egokiena erabakitzeko, ezker abertzalearen aparatuak asmo onak zapuztu zizkion. Alkateari goitik etorri zaion agindua izan da atez atekoa Astigarragan jar­tzearena, eta ez aukera». 
Gaineratu du, oposizioan dau­den udal ordezkariek kezka haundiz jarraitzen dutela udal gobernuak erabaki dituen inber­tsio eta gastuen «zerrenda luzea». «800.000 eurotik gora bideratu dira atez atekoa martxan jartzeko. Konparazio baterako, herriko ikastolak aurten behar duen obra haundiari aurre egiteko adina diru. EAJ-PNVko zinegotziok ez dugu ulertzen Bilduren jarrera, kosta ala kosta, atez atekoa jartzearena, inposatzearena».


Herritarrei bizkarra
Arazoa ez dela atez atekoa bera nabarmendu du, «baizik eta Bil­duk egin duen modua; herritarrei bizkarra emanda, bere gertukoei men eginez, baina gainon­tzekoak, herritarren gehien­go haundiena, gutxietsita». Eta argi utzi du, nahiz eta bosgarren edukiontziaren alde agertu, auzi honetan, herri galdeketa egitearen aldeko zirela eta direla. «Gure alderdiak zabor bilketa sistema aukeratzerakoan, herritarren hi­tza errespetatzeko borondatea erakutsi zuen. Gehiengoaren borondatez, atez atekoa aukeratua izan balitz, erabakia onartuko genuen. Bilduk erraz zeukan hainbeste aldarrikatzen den ‘he­rria­ri, herritarrei hitza eman’ benetan gauzatzeko. Baina Bilduk beste interes batzuen alde egin du. Eta inposaketa justifika­tzeko, ipuina asmatu du».
Besteak beste, Garbitaniak sortzen dizkien zalantzak ere aipatu ditu: «Hernani, Usurbil, Oiartzun eta Astigarragako herritarrok ari gara sozietate publikoa ordaintzen.  Zergatik jaso behar ditu Garbitaniak gure hondakinak? Zergatik egin da Astiga­rraga Garbitaniako sozio? Zer­ga­tik erabaki du Oiartzunek Garbi­taniatik ateratzea? Zergatik erosi behar dizkio Astigarragako udalak akzioak Oiartzungo udalari?». 
Urteurrenaren bueltan, etsipenaz hitz egin du: «Asteaz­kenean, apirilaren 2an bete zen atez atekoarekin daramagun lehen ur­tea. Astigartarrok resignazioz hartu dugun urteurrena. Resig­nazioz bai, alkateak eta bere gobernu taldeak erakutsi baitigute astigartarrok ez dugula ezer pintzatzen, Astigarragari dagozkion erabakiak ez direla Astigarragan hartzen».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!