«Hondakinen bilketari iraulia eman diogu»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 5a, 02:00

Andoni Gartzia alkateak argi utzi du sistema ez dela zikina, arratoiek ez dituztela astigartarrak jan eta ez dela 
garestiagoa. «Ondo baino hobeto ari gara», azaldu du. Bosgarren kontenedorea baino eraginkorragoa dela nabarmendu du. 

Udal gobernu taldeak urtebete honetako datuak eman zituen asteazkenean, prentsaurrean, eta balorazioa ere egin zuen. Andoni Gartzia alkateak azaldu zuen Astigarragak hondakinen bilketari iraulia eman diola eta emai­tzak harro egotekoak direla: «Atez Atekoa martxan jarri aurretik, Astigarraga ez zen hondakinen %30 gaika jasotzera iristen eta azken urtebete honetan, ez dugu hilabeterik egin %80ko gaikako bilketaren azpitik. Bene-benetako iraulia, urtebetean lortutakoa». 
Guztia, herritarrei eskerrak izan dela azpimarratu zuen: «Herritar bakoitzak egin duen esfortzu txikiari esker izan da, herritar guztiek izan duten jarrera eredugarriari esker. Zorionak eta eskerrik asko!».
Normaltasuna ere aipatu zuen: «Martxan jarri aurretik zabaldutako beldur, gezur eta manipulazio interesatuen ondorioz, urduritasuna nabaria zen, baina behin martxan jarrita, guztiok konturatu gara herria ez dagoela zikinagoa, arratoiek ez gaituztela jan eta herritarren gehiengo zabala inolako arazorik gabe egokitu dela sistema berrira. Ondo baino hobeto ari gara».

«Astigartarrek asko bereizteaz gain, oso ondo bereizten dute»
Bi sistemetako datuak konparatuta, alde nabarmena organikoaren eta errefusaren emaitzetan dagoela azpimarratu zuen: «2012tik 2013ra eta lehenago, gure hondakinen %70a zabortegira bidaltzen genuen eta gaur egun, %17a besterik ez».
Ontzi arinen karakterizazioan, inpropioen bataz bestekoa %4,28 izatea oso datu ona dela adierazi zuen: «astigartarrek asko bereizteaz gain, oso ondo bereizten dituzte hondakinak».
Bosgarren edukiontzia aurre­rapausoa izan arren, erdibideko soluzioa besterik ez dela gaineratu zuen. Urnietako datuekin konparatu zituen Astigarragakoak: «Organikoan, Astigarragak 97kg/bizt./urtean jaso ditu bataz beste eta Urnietak, 39kg/bizt./ur­te­an. Errefusaren bilketan ere diferentzia nabaria da. Urnietan biztanleko 208 kg jasotzen den bitartean, Astigarragan herritar bakoitzari 112 kg jasotzen zaizkio».


Emaitzak hobetu, lanpostua sortu eta tasak mantendu

Atez ateko sistema ez dela garestiagoa azpimarratu zuen: «Bi sistemekin datu paretsuak lortu ditugu. 2013an, trantsizio urtea izan­da, kostu gehigarriak izan ditugu lehenengo 3 hilabeteetan, hondakinen %70a zuzenean za­bor­tegira bideratzeagatik. 2014 ur­tea izango da atez atekoarekin osorik egingo dugun lehenengo ekitaldi ekonomikoa eta defizita %36a izango dela aurreikusten dugu».  Eta gaineratu zuen: «Iraganean, de­fizita murriztearen zama herritarren gain utzi da tasak igota. Atez atekoarekin, emaitzak hobetu di­tugu, kalitatezko 5 lanpostu berri sortu, eta tasak mantenduta, zerbitzuaren defizitari eutsi diogu».
Poztasuna ere adierazi zuen gero eta gehiago ari direlako autokonposta egiten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!