Autobus zerbitzua hobetzeko prozesuarekin aurrera jarraitzen du Gipuzkoako Diputazioak eta asteartean Astigarragan izan ziren aurreproiektua aurkezten.
Argi utzi zuten oraingoz proposamenak besterik ez direla eta herritarren iritziak kontuan hartuko dituztela. 7 herritar elkartu ziren asteartean eta zenbait proposamenekin ez zeudela ados azaldu zuten. Hain zuzen, A1 linea (Martutenetik doana) orduro jartzea ez dela egokia uste dute. A2 linea (Donostiara zuzenean doana) indartzea ondo ikusten dute, baina bestea kaltetu gabe.
A1 orduro, A2 20 minuturo
Astigarragari dagokion lineatan ze aldaketak proposatzen dituzten azaldu zuten. Proposamenaren arabera, A1 eta A2 lineak, mantendu egingo lirateke ibilbideari dagokionean, baina maiztasunean aldaketak egongo lirateke. Diputazioaren proposamena da, A2 indartzea. Ordu erdiro izan beharrean, 20 minuturo izango litzateke. A1, berriz, Martutenetik pasatzen dena, orduro egongo litzateke, erabilera haundiko orduetan ezik (07:00-09:00/18:00-20:00). Kasu horietan, orain bezala izango litzateke, ordu erdiro.
Proposamenaren arabera, A2 linea (zuzenekoa), 20 minuturo egongo litzateke eta A1 (Martutenetik doana) orduro; erabilera haundiko orduetan, orduerdiro.
Bertaratu ziren herritarrak ez ziren batere gustora azaldu proposatutako aldaketarekin, «atzera pausoa» zela azaldu zuten. «Jende asko dago herrian linea hori lanerako edo ikastolara joateko erabiltzen duena eta orduro izatea ez da zerbitzua hobetzea», azaldu zuen herritar batek. Eta gaineratu zuen: «A2 indartzea ondo ikusten dut, baina A1 okertzea ez. Gure betiko linea hori izan da eta gainera, garai batean, 20 minuturo zegoen». «Horretarako, nik nahiago dut gauden bezala geratu», azaldu zuen beste batek. Astigarragan, autobusaz aparte, ez dagoela beste garraio publikorik gogorarazi zuten eta proposamen honekin berriz ere abandonatuta sentitzen direla.
Egun berezietan eta sagardotegi denboraldian ere, autobusekin arazo haundiak dituztela azpimarratu zuten. «Egun seinalatuetan, Santo Tomasetan, estropadetan edo Aste Nagusian, Hernanitik autobusak beteta datoz eta gu kalean geratzen gara. Horrelako egunetan, zergatik ez hasi zerbitzua Martindegitik?», proposatu zuen batek. «Sagardotegi denboraldian, larunbatero larunbatero, langile jendea autobusetik kanpo geratzen da eta horrekin zerbait egin behar da», azaldu zuen beste batek.
Informazio guztia interneten dago eta iritziak ere bertan eman daitezke: garraioahobetzen.net
Unibertsitatera autobusik ez
Diputazioaren beste proposamen bat da, A3 linea desagertzea (Astigarraga-Ospitaleak-UPV/EHU). Horren ordez, beste linea bat jarriko da: (Aginaga)-Usurbil-Lasarte-Ospitaleak-Astigarraga (Martindegi). Orduro izango litzateke (Aginagara, 2 orduro). Beraz, unibertsitatera ez litzateke joango linea berri hau, baina transbordoa eginda aukera egongo litzateke, Hernanitik, G2 autobusa hartuta.
Ikastolarako, ordutegi egokiak
A1 linearen ordutegiak Ikastolako sarrera-irteeretako ordutegira moldatzea ere bada Diputazioaren asmoa. Astelehenetik asteazkenera, gurasoek 08:00ak aldera izatea nahi dute autobusa, 08:15etan sartzen baitira Martutenen. Ostegun eta ostiraletan, berriz, 08:30etan sartzen dira. Bueltarako ere proposamen batzuk egin dituzte. Diputazioa aztertzen ari da.
Apirilaren 15era arte, iritziak bidaltzeko aukera
Herritarrek beraien iritziak apirilaren 15era bitarte eman ditzakete. Horretarako, Diputazioak etxez etxe banatu du inkesta moduko bat eta udaletxean, kultur etxean, anbulatorioan edo autobusetan dauden buzoietan utzi daitezke erantzunak. Bestela, internetez ere egin daitezke ekarpenak: www.garraioahobetzen.net. Buruntzaldeako eta Tolosaldeako linea guztietako proposamenak ere bertan daude.
Gipuzkoako Diputazioak iaz jarri zuen martxan autobus zerbitzua hobetzeko prozesu hau. 56 herritarren iritzia jaso ostean, teknikariek aurreproiektuak egin dituzte. Orain, aurreproiektu horiek aurkezten ari dira, herriz herri. Bitarte honetan jasotako iritziak kontuan hartuko dituzte eta proiektu definitiboa iraila-urrirako egongo da prest. 2015ko urtarrilean, berriz, martxan jarriko dira aldaketak eta zerbitzu berriak. Ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi dute.