Anfibio eta narrastiak - 1. fitxa: Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
«Metro bateko saltua ere egin lezake» dio hernaniar batek, ingela gorriyari buruz. Euskara batuan Baso-igel gorria bezala ezagutzen da, Rana temporaria, Euskal Herrian diren ingeletan sendoenetakoa. Emeak neguan jartzen ditu arrautzak, eta bakarra da hori egiten duena. Mendi bideetan gurpil arrastoetan putzuak sortzen dira, eta hor ikusiko ditugun arrautza-pilak ingela gorriyak eginak dira. Ziraba proiektuaren barruan, Epeleko Zepadiko xabalean putzua egin zuten auzo lanean, eta dagoeneko lehenengo emaitzak eman ditu. Ingela gorriyaren arrautza pilak ikusiko ditu bertara joaten denak; eta ingelen bat ere bai, zorterik bada.
Oindi eta Azketaraino
Ingela gorriya ur zalea ere bada, baina batez ere basoetan bizi da. Hernanin Osiñagatik Aranoraino bizi da eta errio bazterretik hasi eta Oindiko ia tontorreraino. Hernanin bi ingel ezagutzen dira: gorriya eta berdia, edo lehorrekua eta urekua. Osiñaga eta Ereñotzu aldean biak ikusi dira, eta bereizten dira, baina Donostia edo Lasarte aldera lehorrekorik ez da identifikatu. Gehien bat harizti eta pagadiak maite ditu ingel gorriyak, nahiz eta bestelako basoetan ere azaldu den, eta basotik kanpora ere bai, belardi, txilardi eta abarretan. Basoan asko dabilenak ezagutzen du bere joera: «krixton botiak eitten dittue!» edo «Mendin egoten da. Lurra lehorra dagon tokin. Mendi-arrobiyua dagon tokin. Orbel artian. Gañera jun arte ez dira muittuko. Bertara jutian muitzen dira».
Neguan ugaltzen da, eta 2.000 arrautza jarri ditzakete
Negu garaian ugaltzen da. Urritik hasi eta urtarrilera arte jarriko ditu arrautzak; eme batek 2.000 arrautza jarri ditzake. Hortik aterako den txalburuak 2-4 hilabete barru ingel bihurtuko dira. Mutur motza duen arren, mokofina da, eta eguneko menua dezente aldatu lezake: armiarma, kakalardo, eltxo, kukurrutxa, txitxare, elbi... Euskal Herri osoan bizi da, eta ez dago mehatxatuta. Hala ere, putzu natural gero eta gutxiago dagoenez, pistetako putzuetan egiten dituzte arrautzak, eta asko galtzen dira, zapalduta, edo kutsaduragatik. Baso landatzeak ez zaizkio komeni; litekeena da pinudi eta eukalipto basoetan bizi diren populazioak okerrago egotea.
Ziraba proiektua, natura herritarren eskura
Ziraba proiektua anfibio eta narrastien inguruan egin da eta Hernaniko Kronikak banaka aterako ditu fitxak.
Ezaugarri batzuk
Neurria: 6-8 cm.
Abitata: baso inguruak.
Ugalketa: urritik urtarrilera
Arrautzak: 1.500 inguru
Egoera: mehatxurik gabe.
Ba al zenekien?
Hernanin ‘ingela’ eta ‘iela’ esan izan zaio igelari eta Astigarraga aldean ere bai. Horixe da Hernaniko euskeraren bereizgarri bat. Arano aldera eta Jauregi aldera, ‘iela’ esaten zaio.
Hernanin bi ingel ezagutzen dira: ‘gorriya’ eta ‘berdia’. Ingela gorriyari lehorrekua ere esaten zaio. Basoan ibiltzen da, eta Osiñagatik Aranoraino oso arrunta da. Kosta aldera ez da hain arrunta.
Pistetako putzuetan. Mendi bideetako putzuetan ikusten diren arrautza-pilak ingela gorriyarenak dira. Ingela berdiak ur-putzu eguzkitsuagoak behar ditu.
FITXAK
1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya