Sorina Luncak 50 urte beteko ditu aurten. Errumaniako Transilvania eskualdekoa da. Bere senarrak, edo hobe esanda, bikoteak, Marcel Moldovan izena du. Alaba bat dute 13 urtekoa. Hernanin bizi dira irailaz geroztik, alokairuzko pisu batean. Aurrez, Balta Berdean bizi izan ziren.
Asko sufritu eta asko borrokatu ostean, helburuak betetzen ari direla azaldu du Sorinak: «Gaztelania ikastea zen aurreneko pausoa, gero kanpamendutik pisu batera ateratzea, lana bilatzea ondoren... dena lortu dugu eta oso kontentu nago. Ezkontzea bakarrik falta zait!», dio parrez. Izan ere, Marcelekin ez dago ezkonduta oraindik. Halaxe azaldu du: «Aurrez, beste gizon batekin ezkonduta egon nintzen. Bost seme dauzkat berarekin Errumanian. Ondoren, banandu egin ginen eta 1996an Marcelekin hasi nintzen. Urte batzutara, Marcel hona etorri zen diru pixka bat egitera. Lau urte egin zituen berak bakarrik eta gero ni etorri nitzen alabarekin. Guk bost urte daramazkigu hemen, ia sei».
Sorina Lunca: «Hasieran zaila iruditzen zitzaidan dena. Nola ikasiko nuen gaztelania? Eta orain, dena lortu dudala ikusten dut»
Eta proiektuaren berri izan zenutenean, zer pentsatu zenuten?
Ez zutela sinesten dio: «Gezurra zela pentsatzen genuen. Paperak lortzeko aukera zegoela? Ez genuen ulertzen. Bagenekien txabolak egitea ez zela legala. Baina egia zela ikusi genuen eta saiatzea erabaki. Hasieran zaila iruditzen zitzaidan baldintzak betetzea. Nola ikasiko nuen gaztelania? Errumanieraz idazten eta irakurtzen banekien, baina ez nintzen gai ikusten. Eta orain, dena lortu dudala ikusten dut». Proiektuarekin oso pozik dago Sorina eta jaso duten laguntzarekin oso eskertua.
Sorina eta bere familia ez dira zubi lanetako etxebizitzetatik pasa, zuzenean egungo alokairuzko etxebizitzan sartu ziren. Sorinak erakutsitako indarra sekulakoa izan dela azaldu du hezitzaileak: «Sorinak argi zuen kanpamendutik lehenbailehen atera nahi zuela eta aurrezteko plana zehatz mehatz eramaten zuen”.
Vasile Barcea:
«Ni saiatzen naiz ikastaroetara joaten, gauzak egiten... Ibaia garbitzen ere hartu nuen parte. Lan egin nahi dut»
Oroitzapen gogorrak
Kanpamenduko bizimodua gogorra zela dio Sorinak, baina besterik ez zegoela: “Egoera zailak bizitu izan ditugu kanpamenduan eta ume bat duzunean, oraindik zailagoa da. Uholdeek ere harrapatu izan gaituzte eta oso momentu gogorrak dira. Dena galtzen duzu. Oraindik, euri asko egiten duenean kezkatuta eta lo egin ezinik egoten naiz han geratu direnengan pentsatzen. Azkenean, familia bat bezala ginen».
Bizimodu berrira erraz ohitu dela azaldu du: “Hori bai, bihotza erdibitua dut oraindik. Tarteka joaten naiz bisitan”. Marcelek, berriz, oso gaizki pasa zuela gogoratzen du: «Egunero joaten zen kanpamendura eta etxean ezin zuela bizi esaten zidan. Asko kosta zaio ohitzea».
Mantentzea, helburu
Sorina energia haundiko emakumea da eta baita borrokalaria eta langilea ere. Etxeak garbitzen eta adinekoak zaintzen egin izan du lan, besteak beste, eta horretan ari da orain. Marcel Errumanian dago, kotxeko karneta ateratzen. Bueltan lana bilatzea ere nahiko lukete. Alaba, berriz, Hernaniko ikastola batera joaten da, hasiera hasieratik. Hori ere argi zuen Sorinak: «Heziketa oso garrantzitsua da». Berak ere, hainbat ikastaro jaso ditu: sukaldari eta kamarera izateko ikastaroak, elikagaiak manipulatzekoa, adinekoak zaintzekoa, gaztelania hobetzeko lanean jarraitzen du... Orain, bere asmoa, lortu duten guztia mantentzea da, «eta hemen bizitzen jarraitzea».
Kanpamendutik ateratzeko beharra
Vasile Barcea eta Bianca Barcea senar-emazteak dira. 28 eta 26 urte dauzkate eta 3 seme-alaba. Laugarrena apirilean jaiotzekoa da. Beraiek ere, Transilvaniakoak dira. Donostian ezagutu zuten elkar. Vasile 2005ean atera zen Errumaniatik eta Bianca 2008an, bere ama eta anai-arrebekin.
Hiru urte daramazkite Balta Berdean bizitzen, baina segituan dira ateratzekoak. Inserzio pisu batera joatekoak dira; baimena noiz emango zain daude. «Zaila egiten ari zaigu egoera eta lehenbailehen atera nahi dugu hemendik», diote. Hezitzailearen esanetan, lan haundia egin dute, hiru umeren kargu izan, eta aurreztu duten bezala aurrezteko. Inserzio etxean, aurrezteko aukera gehiago izango dute.
Lan bila
Kanpamendutik atera eta Vasilek lana bilatzea da beraien helburu bakarra. Izan ere, Astigarragan geratu nahi dute bizitzen. Umeak Astigarragako ikastolara joaten dira eta gurasoek ere lagun asko dauzkate bertan. Herritarrekin oso tratu ona dutela azaldu dute. Beraz, datozen bi urteetan ahalik eta gehien aurreztu, eta alkilerreko etxebizitza batean sartzen saiatuko dira Astigarragan.
Vasile lanerako gogoz dago: «Ni saiatzen naiz ikastaroetara joaten, gauzak egiten... Ibaia garbitzen ere hartu nuen parte. Lan egin nahi dut». Ikastaro askotan hartu du parte. Batzuk aipatzeko: bioeraikuntza ikastaroa edota bizikleten erreparazioko ikastaroa.
Proiektuaren berri izan zutenean, Sorina bezala, ez zutela sinestu diote: «Ez zela egia pentsatu genuen eta gure kalterako izango zela».
Bizitza hobe baten bila etorri zirela azaldu dute, Errumaniako egoera benetan txarra dela azpimarratuz. Hemen, espero bezain egoera ona ez izan arren, han baino hobeto daudela argi diote. «Gainera, proiektu honekin asko hobetu da gure bizimodua. Oso gaizki pasa izan dugu, baina orain gauzak hobetuz joango dira».