Ikurriñaren aldeko herri ekimenak agerraldia egin zuen larunbatean eta ekimen honen manifestuaren berri eman zuten. «Inposaketen aurrean, herri gisa erantzutea ezinbestekoa» dela uste dute eta Astigarragan egingo diren ekimen eta dinamiketan parte hartzeko deia luzatzen diete herritar guztiei.
Hasteko, Ikurriñari omenaldia egingo diote apirilaren 12an. Eguerdiko 12:30etatik aurrera izango da, Foru plazan. Horrez gain, Aberri Egunean, hau da, apirilaren 20an, etxeetan Ikurriñak zabaltzeko dei egiten diote Astigarragako herriari.
Ikurriñak erosteko aukera ere izango da, hiru egunetan: ostiral honetan, 19:30etan Joseba Barandiaran plazan, apirilak 5ean eta apirilak 12an.
Manifestuak hala dio, besteak beste: «Espainiako bandera zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da gure erakundean, herritar gehienen nahiaren kontra, eta astigartarren borondatearen aurrean errespetu falta adierazten du. Baita askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena ere».
Ekimen herritar hau abian jarri da, Astigarragako Udalak Espainiako bandera jartzeko agindua duelako, udaletxeko balkoian. Beranduenez, apirilaren 21ean.