Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, mediku eta pediatra euskalduna eskatzeko ekimena jarri du abian, UEMArekin eta euskalgintzako beste zenbait eragilerekin batera. Arano, Goizueta, Leitza eta Aresok osatzen duten eskualdean, zehazki, pediatra euskalduna izateko eskaera lantzen ari dira, kasu honetan, familia medikuak euskaldunak baitira. Ekimen honen helburua da, erabiltzaileen edo gurasoen eskera sinatuak bildu eta ondoren, Nafarroako Gobernuari bidaltzea.
20 urteko eskaera
Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, aspaldiko eskaera da hau: «Badira gutxienez 20 urte eskualdeko ordezkariek Nafarroako Gobernuarekin gai honen inguruko lehendabiziko bilera egin zutela. Ibilbide luzea du aldarrikapen honek, baina oraindik ere, egin beharra dago, hutsuneak bere horretan jarraitzen duelako».
Ekimen honen inguruko bideo bat ere bada ikusgai: vimeo.com/89094287. Eta informazio gehiago, honako helbidean: www.iparmank.org.