Aimar Olaizola goizuetarrak eta Andoni Aretxabaleta markinarrak txapelketa ederra egin dute eta aurreneko postuan sailkatu dira finalerdietara. Gaur jokatuko dute finalerdietako ligaxkako aurreneko partidua. Lasa eta Barriola izanen dituzte aurrez aurre. Lasak Martinez de Irujoren ordez jokatuko du.
Olaizolak halaxe azaldu zuen ostegunean, pilota aukeraketaren ostean: «Gu oso pozik gaude orain arte egindako txapelketarekin. Orain zerotik hasten gara berriz eta hiru partidu zail dauzkagu aurretik. Hala ere, orain arteko mailari eusten badiogu finalean sartzeko aukera izanen dugula iruditzen zait».
Materialarekin oso gustora geratu ziren bi aldeak (Martinez de Irujo ez zen aukeraketan izan). «Nahi genuena aurkitu dugu segituan. Batekin bakarrik izan dugu duda. Beraiek agian pixka bat biziagoak hartu dituzte, baina orokorrean gustora gaude. Alde horretatik, ez dago aitzakiarik», azaldu zuen goizuetarrak.
Partidua, Gasteizen
Partidua Gasteizko Ogetan jokatuko da 18:00etatik aurrera. Nitron botako dute.