Markel Lizeaga ereñotzuarra eta Oier Apezetxea goizuetarra makina bat aldiz elkarren aurka jokatuak dira pelotan. Hala dio Apezetxeak: «Orain arte beti elkarren aurka bakarrik jokatu izan dugu. Goizuetako eta Aranoko festetan, bi herrien arteko pilota partiduak izaten dira beti. Pikea izaten da. Partidu horietan jokatu izan dugu elkarren kontra. Horrelako tranposoak dira Aranokoak», dio broman. Lizeagak Aranoren izenean jokatzen baitu.
Orain, berriz, elkarrekin osatu dute bikotea, Mungiako LXV Txapelketa jokatzeko. Txapelketa pribatua da eta final laurdenak, finalerdiak eta finala jokatzen dira zuzenean, partidu bakarrera. Partidu bat galduz gero, txapelketatik kanpo geratzen dira. Lizeaga eta Apezetxeak, ordea, finalaurdenetako partidua irabazi egin zuten eta bihar finalerdia jokatuko dute. Azpiri eta Irusta izango dituzte aurrez aurre. Mungian bertan jokatuko dute, 11:30etatik aurrera, bigarren partidua izango da.
Ojuel ordezkatuz
Lizeagak Hernaniko pelota elkartean jokatzen du eta Apezetxeak Amezketako Zazpiturri taldean. Berez, txapelketa honetan, Paul Ojuel hernaniarrak jokatu behar zuen Apezetxearekin, baina lesio bat tarteko, Lizeagari esan zioten. “Eskua gaizki zeukan eta ez jokatzea erabaki zuen. Gure bi taldeetako delegatuak ondo eramaten dira eta gu ere ezagutzen ginenez, nik jokatzea erabaki zuten”, azaldu du Lizeagak.
Hasteko, finalera iritsi; gero gerokoak
Martxoaren 2an jokatu zuten finalaurdenetako partidua, elkarrekin jokatzen zuten aurreneko partidua, eta ez direla batere gaizki moldatzen erakutsi dute. «Ongi moldatzen gara. Nahiz eta elkarrekin baino, elkarren kontra gogo gehiagorekin jokatu!» dio barrez Apezetxeak. Goizuetarra aurrelaria da eta ereñotzuarra atzelaria. «Edo beste modu batera esanda, nik egiten dut lan zikina eta berak lan erraza», dio Lizeagak.
Finalaurdenetan, Mendinueta eta Perez Arabako bikotea izan zuten aurkari eta ez zutela irabaztea espero aitortu diote Kronikari: «Izen gehiagoko pelotariak dira eta egia esan, ez genuen espero. Hori bai, irabazten hasi ginen. Gero atzetik jarri ginen 15-18 arte, eta handik aurrera, partiduari buelta eman eta 22-18 irabazi genuen».
Partidu hura irabazi zutela ikusita, finalera iristeko aukera badutela uste dute bi pelotariek. «Eta oraingoz helburua, finalera iristea da, gero gerokoak», diote.
Segurtasuna eta erritmoa
Zirikatzeaz aparte, elkarri gauza onak esaten ere badakite eta bestearen kualidadeez galdetuta, Apezetxeak argi du: «Azken aldian seguruago ikusten dut Markel, eta soltatu behar duenean, pilota soltatuz. Asko mejoratu duela iruditzen zait». Lizeagak ere argi du ze nabarmendu: «Erritmoa nabarmenduko nuke. Aurreko partiduan asko nabaritu nuen hori. Beste aurrelariarekin konparatuta, beste erritmo bat zeukan Oierrek. Horrez gain, tantoa erraz bukatzen du».
Txikitatik pelotan, biak
Apezetxeak 22 urte ditu eta Lizeagak 21 urte; 22 egiteko. Biak, txikitatik dabiltza pelotan jokatzen. Pelota eskolan 7-8 urterekin hasi zirela diote. Lizeagak Hernaniko pelota elkartean jokatu izan du beti. Apezetxea berriz, Goizuetan hasi zen, Umore Onan. Han, bere adinekoek ez zuten jarraitu eta bakarrik zegoenez, Tolosara joan zen, Aurrera Saiaz taldera. Pare bat urte egin zituen bertan eta orain Amezketan dabil, Zazpiturrin.
«Izen haundiko txapelketaren bat irabazi nahiko genuke, Diario Vasco edo Antiguokoa”
Bolada kaxkarra
Hainbeste urtetan, ilusio berezirik egin dien txapelketaren bat edo txapelen bat aipatzeko eskatuta, halaxe azaldu du Apezetxeak: «Egia esan aspaldian ez dut ilusio berezirik egin didan ezer irabazi. Oso urte txarra izan dut. Belauneko lesio bat izan nuen eta 7 hilabetez geldirik egon nintzen. Gero ez nintzen guztiz ongi errekuperatu eta beste 2 hilabetez geldirik egon nintzen. Orain ongi nago. Fisikoki oso ongi sentizen naiz. Ea hemendik aurrera martxa pixka bat hartzen dugun». Lizeagak ere antzeko dio: «Seniorretara pasa nintzenetik oso erregular ibili naiz eskuetatik».
Dena dela, badituzte gogoratzeko moduko lorpenak: «Antiguoko Txapelketa irabazi izanak ilusioa egiten dit, baina aspaldiko kontuak dira», dio Apezetxeak. «Jubeniletan, Diario Vasco Txapelketa eta Antiguokoa jokatu nituen. Horrez gain, kadeteetan, Herriartekoan finalera iritsi nintzen. Ez nuen irabazi, baina finala jokatu nuen behintzat», azaldu du Lizeagak. GRAVN txapelketa ere jokatu izan dute biek. Baita Apezetxeak irabazi ere. «Sub 22an bikoteka irabazi nuen. Txapelketa hartan lesionatu nintzen gainera, finalerdietan. Finala jokatzeko moduan jarri ninduen medikuak. Baina ondoren operatu, eta ez naiz batere ondo ibili».
Pelota, hobbya
Bi pelotariek badituzte buruan irabaztea gustatuko litzaizkiekeen txapelketa batzuk: «Batez ere, izen haundiko txapelketaren bat irabazi nahiko genuke, Diario Vasco edo Antiguokoa, adibidez. Mallabiakoa ere ondo legoke. Baina horrelako txapelketa pribatuetan entxufe asko dago eta badakigu guk aukera askorik ez dugula. Hasteko behintzat, saiatuko gara Mungiakoa irabazten».
Eta etorkizunera begira, ahal den maila onenean jarraitzeko asmoa dute, baina askorik estutu gabe. «Gustatzen zaigu jokatzea eta jarraitzeko asmoa dugu, baina badakigu honek ez digula jaten emango. Argi dugu, pelota hobbya da guretzat».