Bota dute Bostak enpresa zena, Abiadura Haundiko Trena egiteko

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 29a, 01:00

Ia 30 urte egin ditu itxita Bostak enpresa zenak, eta asteazkenean bota zuten aspaldian hustuta zegoen eraikina. Segidan lurra moldatzen hasiko dira, bertatik pasako baita AHTa, Hernanitik Astigarragarako bidean.

Asteazkenean bota zuten Bostak S.A. enpresa izandakoa. Paper inprenta eta plastikoak egiten ziren enpresa horretan, 1985ean itxi zen arte. Her­naniko Etxeberri auzotik Ergo­biarako atzeko bidean zegoen kokatuta, Ergobiako zubiaren ondoan, trenbidearen eta errekaren artean.
UTE Ergobia Hiru Lan enpresa da eraikina botatzeko kontratatutako enpresa. Eus­kal Trenbide Sareak kontratatu du, hain zuzen, bertatik pasako delako AHTa edo euskal Y.

AHTa, Astigarragatik Irun eta Donostiara
Obrak noiz bukatuko diren inork ez daki. Zehatz-mehatz AHTa nondik pasako den ere ez, oraindik. Baina, behin-behinekoak badira ere, planoak eginak daude.
Eusko Jaurlaritzako Etxe­bizitza, Herrilan eta Garraio Saila eta Euskal Trenbide Sarea dira AHTa egiteko obraren arduradunak. Bostak enpresa botatzeko UTE Ergobia Hiru Lan kontratatu dute, eta behin eraikina botata, lurra molda­tzen hasiko dira. Ergobiatik As­tigarragara egingo du trenak.

Puntu garrantzitsua izango da Astigarraga AHTarentzat, bitan banatuko baita bertan: bide batek Irun aldera egingo du, eta besteak, Donostiara.

Euskal Trenbide Sarearen webgunean zehazten denaren arabera, puntu garrantzitsua izango da Astigarraga AHTa­ren­tzat, bitan banatuko baita trena bertan.
Astigarragako errotonda na­gusiaren ondoan egingo da banaketa hori, Urumeako au­tobia, Martutene edo Oiar­tzunerako bideak hartzeko erro­tondaren ondoan hain zuzen, eta Donostiako bigarren zinturoiaren ondoan. Bertan, trenbidearen zati batek Irun aldera joko du, handik Iparraldera sartzeko, eta besteak, berriz, Gipuzkoako hiriburura, Donostiara, alegia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!