Lasaitasuna, ilusioa eta estuasuna

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 29a, 01:00

Saskibaloi denboraldia buka­tzeko, lau bat partidu geratzen dira orokorrean eta azken txanpa honetan, Mundarro La Salleko hiru talde nagusien helburuak zeintzuk diren jakin nahi izan du Kronikak. Iker Portela jokalari eta koordina­tzaileak eman dizkio azalpenak.

Autonomikoa, helburua beteta
Liga Autonomikoan jokatzen duen taldea 5garren postuan dago, 30 punturekin. «Helbu­rua maila mantentzea zen eta lortuko dugu», azaldu du Portelak. 13 talde daude liga honetan eta azkeneko biak jaitsiko dira mailaz. Denboral­dia­ren balorazioa ere egin du: «Lau partidu falta dira eta helburua lortu dugula ikusi dugu. Hasieran, lesioekin gaizki hasi ginen. Aurreden­boraldian lau lesionatu ziren eta asko nabaritu zen. Lau partidutatik bakarra irabazi genuen. Pixkanaka buelta eman diogu, urte hasieratik emaitza hobeak lortzen joan gara eta orain bolada onean gaude. Azken partidua galdu egin dugu, baina aurreko laurak irabazi».
12 jokalariko taldea da eta adin tarte desberdinetako jokalariak daude. Gazteenak 19 urte ditu eta gero, 22, 25, 30... urtekoak daude. Astigarraga­ko­ak bi jokalari dira, eta gainerakoak, Donostia eta ingurukoak.

Mungiaren aurka, lehia parekatu
Sailkapenean, laugarrena eta hirugarrena bi puntutara dauzkate. Hala ere, mailaz igotzeko aukerarik ez du ikusten Por­telak: «Bi talde bakarrik igotzen dira eta lau partiduren faltan, goiko postuetara gerturatzea oso zaila da». Geratzen zaizkien partiduen artean, norgehiagoka gogorrak ere badauzkate, adibidez, Berriotxoaren aurkakoa. Bi derbi ere bai, Oñati eta Irunen aurka.
Bihar, berriz, Mungiaren aurka jokatuko dute, etxean. La Sallen, 17:00etan. Lehia parekatua izango dela edo izan beharko lukeela dio Portelak.
   
Neskak, liga nazionalera bueltatzeko asmoz
«Senior neskek, iaz liga nazionalean jokatu zuten, lehenengo mailan. Mailaz jaitsi ziren eta berez, aurten, bigarren mailan jokatu behar zuten. Dena dela, beterano askok utzi egin zutenez, taldeak jokalari berri asko zituen eta gazteak. Hori horrela, maila bat beherago hastea erabaki zuten, hau da, Gipuzkoako ligatik hastea. Taldea nola moldatzen zen ikusi nahi zuten», azaldu du Portelak. Eta oso ondo moldatzen dela ikusi dute. Izan ere, igoerako fasea, Final Fourra jokatzeko aukera dute. Ligako aurreneko fasea jokatu zutenean, partidu bakarra galdu zuten eta bigarren postuan geratu zi­ren. Bigarren fase honetan, igoera fasean, 8 talde onenak jo­ka­tzen ari dira eta horietatik lau one­nek jokatuko dute Final Fou­rra. Talde irabazlea, mailaz igo­ko da. Maiatzean jokatuko da.
Orain, hirugarren postuan daude eta goiko postu horietan jarraitzea da helburua. Astebu­ru honetan ez dute partidurik izango, aurreko astean jokatu baitzuten Atletico San Sebas­tia­nen aurkako partidua.

Lautik hiru irabazi behar
Gipuzkoako lehenengo mailan, nahiko estu dabiltza Mundarro La Salleko mutilak. 14 talde daude ligan eta 12garren postuan daude. «Maila mantentzea zen hasierako helburua eta horretan dabiltza. Nahiko egoera zailean daude, jaitsiera postuetan. Azken hiru taldeak jaitsiko dira eta hauek juxtu-juxtu, baina postu horietan daude. Dena dela, azken hiru partiduak irabazi egin dituzte eta beste bi irabaztea nahiko izango dute», azaldu du Portelak. Asteazkenean, aurreratutako partidua jokatu zuten Atletico San Sebastianen aurka eta 5 puntugatik irabazi zuten.
Talde oso gaztea dela ere gaineratu du Portelak: «15 jo­ka­laritatik 4, beteranoak di­ra, 30 bat urtekoak, baina gainerako guztiak 18-22 urtekoak dira».

Partidua gaur, Eibarren
Partidu garrantzitsuak geratzen zaizkie, aurkari zuzenen aurka. Gaur bertan, postu bat beherago dagoen taldearen aurka jokatuko dute, Eibarreko Ruibalen aurka, eta hurrengo partidua postu bat gorago dagoenaren aurka izango da. Gaurko partidua Eibarren izango da, Ipurua kiroldegian, 16:30etan.

Saskibaloia, indartsu
Orokorrean, Mundarro La Sallen saskibaloia indartsu dagoela dio Portelak, nahiz eta hutsune ba­tzuk izan. «Mutiletan kategoria guztietan dauzkagu taldeak, baina nesketan ez. Gaztetxoen artean, kadeteak bakarrik daude; infantil eta jubenilik ez dugu eta hori pena da. Dena dela, kadeteetan 11 jokalari dauzkagu. Ez da talde txikia eta horri eutsi behar diogu».

Saski eskola, igandetan
Umeentzako saskibaloi eskola ere antolatzen dute igandetan. 10 ume dabiltza eta irekia da. Saskibaloia bultzatzea da asmoa. Astigarragako kiroldegian izaten da goizeko 10:00etatik 11:30etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!