Uholdeen eragina arintzeko, hainbat obra egingo dituzte Ergobian eta erdialdean

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 29a, 01:00

Plenoa izan zen ostegunean eta bertan onartu zen uholdeen eragina arintzeko, hainbat neurri hartzea Erdigunean. Aurreko Pleno batean, Ergobian hartu beharreko neurriak onartu ziren. Beraz, hasteko, herriko bi gu­ne horietan egingo ditu Uda­lak uholdeen aurkako obrak. 10 urteko epean egon daitezkeen ohiko uholdeei irtenbidea emateko balioko dute. Aurrekontua: 205.263 euro. Aho batez onartu zen neurri hauek hartzea, baina bai H1!eko eta baita EAJko ordezkariek nabarmendu zuten lanean jarraitu behar dela zen­tzu honetan eta neurri gehiago aztertu behar dituela Udalak: Urumearen kanalizazioa eta Goiko Iturriren desbideratzea aipatu zituzten. Lanak ez direla neurri hauekin bukatuko eran­tzun zuen alkateak.

6 eta 8 metroraino, salbu
Ergobian hartuko diren neurriak honakoak dira: estolde­rian egingo dira hainbat lan. Klapetak jarriko dira (tapaki batzuk jarriko dira ibaiko uraren mailak gora egiten duenean, ibaia bera estolderitik barrena sartu ez dadin), ur-bonbak jartzeko instalazioak egingo dira eta uholdeetan Txalaka pasealekutik doazen urak gelditzeko, barrera desmontagarri bat jarriko da. Alerta egoeratan jarriko da barrera eta Ergobia plazara ura sartzea saihestuko da. Neurri hauekin, Ergobiako herrigunea 8 metroko kotaraino libratzea lortuko da, gutxi gorabehera. Aurrekontua, 101.411 eurokoa da.
Erdigunean, berriz, errotonda berriaren inguruan (Kutxa inguruan) sortzen den putzuari irtenbidea emateko egingo dira lanak. Ibaiak gora egiten duenean, ibaiko urak saneamenduan gora egiten du eta estolda zuloetatik ateratzen da. Honek irtenbidea galarazten die herriko euri urei eta Goiko Iturritik doazen errekako urei. Horri erantzunez, klapeta bat jarriko da eta bonba haundi bat jartzeko instalazioa prestatu. Horrela, herriko euri urak eta Goiko Iturriko urak zuzenean ibaira joango dira, putzurik sortu gabe. Zonalde hau, ibaia 6 metroko kotaraino iritsi arte libratuko da, gutxi gorabehera. Lan hauen aurrekontua 103.852 eurokoa izango da.

Espainiako banderaren auzia lantzen hasiko dira Bozeramaileen Batzordean.


Arrobitxuloko obra
Arrobitxuloko harrobia egonkortzeko obra egitea ere onartu zen, aho batez. Harri konkorrak erortzen dira eta horri erantzuteko egingo dute obra. Bi fasetan banatuko da: aurrena, harriak erortzen diren mendi zatia kenduko da eta ondoren pareta egonkortuko da. 334.00 euroko proiektua izango da.

Irabaziekin itxi du urtea Udalak
Osteguneko Plenoan, 2013ko likidazioaren berri eman zuen Udal Gobernuak. Irabaziekin itxi du urtea Udalak eta oso balorazio positiboa egin zuen alkateak. 2013ko aurrekontuaren emaitza, +536.198 eurokoa izan da. Eta denera, aurreko ekitaldietatik geratu den dirua 870.518 euro da. Urtea joan ahala, zenbait inbertsiotarako erabiliko du diru hau Udalak eta hiru proiekturen berri eman zuten Plenoan: 118.636 euro Ergobiako uholdeen kontrako lanerako; 92.702 euro herri sarrerako errotonda eta Lizeaga/Gartziategi sagardotegirainoko errepidea konpon­tzeko; eta 100.000 euro kirol instalazioetako lanetarako.
Bestalde, 2014ko aurrekontuak behin betiko onartuta geratu ziren, aurkeztutako bi alegazioen ebazpenak aho batez onartu ostean.

Ingurumenari lotutako ordenantza, ikusgai
Udalak ordenantza bat prestatu du ingurumenari lotutako prozedura arautzeko eta hasierako onarpena eman zitzaion, Gober­­nu Taldearen eta EAJren al­de­ko botoekin. H1! abstenitu egin zen. Ordenantza honetan biltzen da herriko eremu bat garatu nahi izanez gero, ze baldintza be­te eta ze pauso jarraitu behar diren. Gipuzkoako aurreneko herria izango da horrelako ordenantza bat duena. Orain hilabeteko epean ikusgai egongo da alegazioak eta ekarpenak egiteko.

Bozeramaileen Batzordea
Bozeramaileen Batzordea sor­tzea edo berreskuratzea ere erabaki zuten aho batez. Zenbait gai elkarren artean eztabaidatzeko edo mozioak adosteko izango da. Orain, Espainiako banderaren auzia lantzeko hasiko dira biltzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!