Giza Eskubideen defendatzaileek Guatemalan egindako lana ikusteko aukera izango da asteartean Biterin. Visibilizacion de las mujeres defensoras de Guatemala, vidas y retos dokumentala jarriko dute iluntzeko 19:00etan; solasaldia izango da ondoren, zalantzak argitu eta galderak egiteko. Dokumentala Mugen Gainetik GKEren lana da, eta Hernaniko Udalak ekarri du, aurrera daramazkien sentsibilizazio egitasmoen harira.
Claudia Samayoak aurkezpena eta azalpenak
Guatemalan jaio, bizi eta giza eskubideen alde lanean ari den Claudia Samayoa izango da Hernanin asteartean. Bera izango da dokumentala aurkeztu eta ondorengo azalpenak emango dituena. Claudia Guatemalan lanean aritutakoen artean daude: Guatemalako Giza Eskubideen Denfentsako Koordinatzailea; Rigoberta Menchú fundazioko zuzendaria, unibertsitateko katedraduna... Mundu mailan tailer eta hitzaldiak emandakoa da Claudia Samayoa; prentsan argitalpen asko egindakoa; eta boluntario gisa ere, lanean aritutakoa.
«Giza Eskubideen alde salaketak egiten dituztenek eraso gogorrak jasaten dituzte: bahiketak, bortxaketak, hilketak...»
Guatemalan egiten ari diren lana, «konplexua»
Giza Eskubideen Denfentsan munduko lurralde askotan egiten da lana, eta ez du zertan lotura izan konflikto egoeran bizi den herrialdeekin. Asteartean antolatutako proiekzio eta solasaldian Guatemalako kasuaz hitz egingo dute. Kronikara bidalitako oharrean azaldu dutenez, Giza Eskubideen denfentsan Guatemalan lan egiten dutenek errealitate konplexua bizi dute: «2011 urtean esaterako, giza eskubideen defentsan ari direnen kontrako 495 eraso erregistratu ziren. Horietatik %81a, 402 hain zuzen, katalogatu zituzten eraso gisa. Telefono mehatxuek, jazarpenek, erasoek, bahiketek, erailketek, bortxaketek... eraso guztiek helburu bera dute, Giza Eskubideen alde egiten ari diren lanarekin bukatzea. Azken urteetan egoerak ez du hobera egin».
«Boterea duten sektoreen interesak daude tarteko, eta hortik, kontrako jarrera»
Giza Eskubideen defentsan egiten ari diren lan horrek min egiten die boterea duten sektoreei, eta arazo asko hortik datozela azaldu dute: «bere estatusa arriskuan ikusten dute askok eta eskuartean dituzten mekanismo guztiak onak dira, egiten ari garen lana gelditzeko: hilketak, intimidazioa, gezurrak esatea, biolentzia, bortxaketak... Guatemalan kasuen %98ak inpunitatea dute. Indigenak bizi diren lurraldeetan esaterako, oinarrizko giza eskubideetan atzera pausuak eman dira azken urteetan. Eta lurralde eskubideen defentsan kasuetan, egoera ere larria da. Kasu askotan, iparraldean esaterako, Mexikora joan-etorria egiten duen drogaren ruta bertatik pasatzen baita».