Hitzaldia ostegunean, ‘Emakumeak busti egiten dira’ proiektuaz

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 22a, 01:00

Urumea eta Leitzaran ibaietan garai batean emakumeek egindako lanak azalduko dituzte. 19:00etan izango da Ereñotzuko auzo etxeko aretoan. Beste hitzaldi bat ere izango da, apirilean, Urumea ertzeko industria ondarearen aztarnen inguruan.

Gaur, Uraren Nazioarteko Eguna da eta horren harira, erakusketa bat antolatu du Donostiako Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, San Telmo Museoan. Ura, ibaiak eta herriak izena du erakusketak. Donostialdean, egitarau zabala antolatu dute eta Ereñotzuko Auzo Udalak bi hitzaldi antolatu ditu, beraiekin elkarlanean. Hitzaldiak, Urumea ibaiaren eta inguruko erreken gainean sortutako ondare kulturalari buruzkoak dira.
Aurreneko hitzaldia ostegunean izango da: Leitzaran eta Urumea ibaietan emakumeak busti egiten dira. Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko emakumeek osatutako lantaldeak azalduko ditu proiektu honen inguruan jasotako istorio eta kontakizunak. Garai batean, ibai hauen inguruan emakumeek egindako lanak azalduko dituzte. Arratsaldeko 19:00etan izango da Ereñotzuko auzo etxean.

Industria ondarea
Bigarren hitzaldia apirilaren 2an izango da. Urumea ertzeko industria ondarearen aztarnak azalduko ditu Alfredo Moraza Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak. Arraltsaldeko 19:30etan izango da, auzo etxean.


Ziraba proiektuaren
barruan irteera

Ziraba proiektuaren barruan, irteera gidatua antolatu dute maiatzaren 10ean. Hernaniko anfibio eta narrastiak ezagutu eta ikusteko aukera izango da. Ereñotzuko haur parkean jarri dute hitzordua goizeko  10:00etan. Aranzadiko Ion Garin-Barrio eta Iñaki Sanz-Azkuek emango dituzte azalpenak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!