Urumearen asentamenduaren inguruko proiektua 2012an jarri bazen ere martxan, aurretik lan ederra egina zuten Caritasek eta Astigarragako elizak. Parte haundia izan zuen zeregin horretan Mikel Goenaga herriko apaizak. Eta beregana ere jo nahi izan du Kronikak. Astigarragara etorritako errumaniar ijituekin harremanetan nola hasi ziren azaldu du: «Orain dela 9 bat urte hasi ziren Urumea inguruan azaltzen. Loiolan, batez ere. Martutenen ere egon ziren Agustinoen etxean, garai bateko eskolan. Pixkanaka leku guztietatik botatzen joan ziren, inguru honetara iritsi ziren arte. Eraikin abandonatuetan sartu ziren: Ergobian, Iberdrolarena zen eraikin zahar batean eta Bostak enpresa zenan; Hernanin, Azkarren, besteak beste. Hor ezagutu nituen nik, 2007-2008 inguruan».
2009-2010 inguruan, Astigarragako Udalak auzi bat ireki zuela gogorarazi du, desalojatzeko eskatuz. «Astigarragako talde batzuk eta Donostiakoak saiatu ginen desalojoa gelditzen, baina ez genuen lortu. Azkar bota zutenean, 160 bat pertsona Astigarragara etorri ziren, han baitzeuden gehienak».
Aurretik ere, proiektu bat martxan
2011ko hauteskundeak eta gero, Udal gobernu berria pausoak ematen hasi zela azaldu du Goenagak, etorkin horien onarpen bidean. «Korporazio berriak azaldu zuen egoera beste modu batera lantzeko asmoa. Hauteskundeak eta gero, instituzioen aldetik hasi zen esku hartzea eta proiektu hau jarri zuten martxan». Dena dela, ordurako beraiek ere proiektu bat aurrera zeramakitela azaldu du: «Caritaseko 2 hezitzaile aritzen ziren kanpamenduko bizilagunekin lanean. Artxibo lan bat ere egina genuen eta errealitatearen azterketa ere egin zuten bi hezitzaile horiek. Gai ugari ere lantzen genituen beraiekin: euskera, gaztelania, sexualitatea, emakumeen duintasuna, elkarbizitza...».
Gaineratu duenez, ordura arte, Romi Bidean elkarteak Caritasekin egin izan zuen lan. «Gerora, ordea, berak hartu du proiektu honen zuzendaritza eta ez du Caritasekin harremanik. Gu ez gaude ados daramakiten bidearekin. Goitik hartzen dituzte erabakiak eta kriterio desberdinak dauzkate. Zorroztasun gehiagorekin egiten dute orain lan».
Caritasek eta elizak laguntzen jarraitzen dute proiektu honetan, eta informazio gehiago jasotzea gustatuko litzaioke Goenagari: «Paperak egitera hona bidaltzen dituzte. Janaria jasotzera ere bai, baina listo; gero proiektuaren inguruan ez dugu informaziorik ez ahotsik». Gainera askok, beregana jotzen dutela azaldu du: «Apaizaren etxea koltxoia da. Askotan etortzen dira neregana arazoak dituztenean. Uholdeetan ere etorri izan dira laguntza eske».
Instituzioen ardura, faltan bota
Instituzioekin ere kritiko ageri da Goenaga: «Romi Bidean diru publikoarekin ari da eramaten aurrera proiektu hau eta instituzioek elkarte honen esku utzi dute ardura osoa. Entitate publikoen ardura, faltan botatzen dugu proiektu honetan. Eta baita partaidetza ere. Bide hori moztu egin dute. Jendeari, boluntarioei ez diete laguntzen uzten. Erabakiak Romi Bideanek hartzen ditu eta askotan presaz hartzen dituela iruditzen zait. Kriterio batzuk jarri behar dira, baina zergatik Romi Bideanek jartzen dituenak? Eta ez badira zuzenak?».
Erabaki horien atzean borondate txarrik ez dagoela dio, baina ez zaio bide egokia iruditzen. Eta bere ustez, arazoa da, proiektu honekin ez direla hezitzen ari. «Hezi gabe, ondo prestatu gabe ari dira kanpamendutik ateratzen. Behar bezala ez da lan egin beraiekin. 5 urteko proiektua bada, urte horietan egin behar da lan, eta ez lehenbailehen kanpamendutik atera», dio. «Programa hau jende umilarentzat da, beraien proiektuan sartzen direnentzat, baina gehiago badaude proiektutik kanpo eta arazoari irtenbidea ematea harago doa».