Errumaniarren kanpamenduko proiektua hasi da emaitzak ematen

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 22a, 01:00

Astigarraga eta Hernaniko errumaniar ijituen asentamenduari erantzuteko eta bertako bizilagunen integrazioa bultza­tzeko, proiektu bat jarri zen martxan 2012an. Proiektuari buruzko azalpenak eman dizkiote Kronikari Andoni Gartzia Astigarragako alkateak eta Monica Guitera Romi Bidean elkarteko koordinatzaileak.

Sorina Lunca Hernaniko pisu batean bizi da bere senar eta alabarekin, irailaz geroztik. Andrea Sas zubi lana egiten duen etxebizitzan bizi da, bere bi alabekin. Bi hilabete daramazkite bertan.  Vasile Barcea eta Bianca Barcea senar-emazteak, berriz, inserzio etxebizi­tza batera joateko zorian dira. Hiru seme-alaba dituzte, eta jaiotzear da laugarrena.
Astigarraga eta Hernaniko errumaniar ijituen kanpamenduetako hiru errealitate dira. 2012tik martxan dagoen  proiektuak eman dituen emaitzetako batzuk, hain zuzen. Aurten, 17 familia kanpamendutik aterako direla aurreikusten dute proiektuaren arduradunek, hau da, Romi Bidean elkarteak, Asti­garragako eta Hernaniko Udalek, Gipuzkoako Diputa­zioak eta Eusko Jaurlaritzak.

Integrazioa, helburu
Azken urteetan, errumaniar ijituen asentamenduak ugaritu egin zirela ikusita, Arar­tekoak aholku edo neurri ba­tzuk zehaztu zituen 2011n, arazoari irtenbidea emateko asmoz. Eta neurrietako bat zen, pertsona horiek erroldan sartzea. Integraziorako, behar beharrezko pausoa.
Eusko Jaurlaritzak diagnostiko bat egiteko eskatu zion Romi Bidean elkarteari, Gipuz­koa mailan. Diagnostiko hartatik ikusi zen, Astigarragan zegoela asentamendu haundiena eta bertan, proiektu bat mar­txan jartzea erabaki zen. Proiek­tu pilotoa. Erromantze berria deitu zioten. 2012-2017, bost urtetako proiektua izango zen eta asentamenduan bizi ziren per­tsonen integrazioa izango zuen helburu. Astiga­rra­gako Udala eta Gipuzkoako Diputazioa ere proiektuaren barruan sartu ziren, eta baita Caritas ere, Romi Bidean elkarteari laguntza teknikoa emanez. Ordura arte, Caritasek eta Astigarragako elizak lan haundia egina zuten gai honen inguruan.
2013an, berriz, Hernaniko Udala ere proiektura gehitu zen, Hernaniko partean zegoen asentamenduari erantzuteko. Gaur egun, beste hainbat talde eta elkarterekin ere ari dira elkarlanean.

Araudi bat zehaztu eta baldintzak jarri
Proiektua martxan jarri ahal izateko, kanpamenduko bizilagunen eta txabolen kopurua zehaztu zituztela azaldu diote Kronikari Andoni Gartzia Astigarragako alkateak eta Monica Guitera Romi Bidean elkarteko koordinatzaileak. Egun bat hartu, proiektua azaldu, eta erroldan sartuko zituztela esan zieten, araudi bat eta baldintza batzuk betetzen baldin bazituzten. Kontratu modukoa sinatu zuten bakoi­tzarekin. 190 bat lagunek onartu zuten; 123 Astigarragako partean bizi ziren. Beraien txabolei zenbakiak jarri zizkieten. Denera, 90 bat txabola. Sinatu ez zutenek, kanpamendua utzi behar izan zuten eta horien txabolak bota egin zituzten.
Bete beharreko baldintzetako batzuk honakoak dira: higienea kontuan izan behar dute, umeak eskolara eraman behar dituzte, ezin dute txabola gehiago egin ez jende gehiago sartu, ezin dute deliturik egin, ezin dute kanpamendutik atera bi hilabete baino gehiagoz, hondakinekin konpromisoa...
Hiru hilabeteko epean ikusi dute baldintza horiek betetzen dituzten edo ez, eta horren arabera erroldan sartu dituzte Udalek. Arauak bete ez dituztenak, kanpamendutik bota dituzte.

Behin erroldatuta, diru laguntzak eskatzeko aukera
Integraziorako, erroldan sar­tzea ezinbesteko kontua dela azpimarratu dute Gartziak eta Guiterak: «Erroldan sartuta, ate asko irekitzen zaizkie: dokumentazioa lortzeko aukera dute, osasun txartela, autobus txartela, formazioa, diru laguntzak... Errolda gabe ezin da ezer egin. Existituko ez balira bezala da».
Behin erroldatuta, diru laguntzak lortzea da proiektu honen hurrengo pausoa. Diputazioaren AGI laguntza. Horretarako, 6 hilabeteko tartea itxaron behar izan dute (batzuk oraindik zain daude).
Diru laguntza hori lortzean, beste hainbat betebehar izaten dituzte kanpamenduko bizilagunek. Aurrezteko plan bat ja­rraitu behar izaten dute eta lan formazioan pausoak eman behar dituzte. «Diru laguntzak jaso bitartean, txatarrarekin lanean edo eskean jarraitzen utzi diegu, ez zutelako diru iturririk bestela. Baina behin diru laguntza lor­tzen dutenean, formazio ikastaroetara joan behar izaten dute, ondoren lana bilatu ahal izateko», azaldu du Guiterak.
Denetariko ikastaroak izaten dira: Lanbidek zuzenduak, Acceder programak edota Sartu elkartekoak. Abenduan, adibidez, bizikletak konpontzeko ikastaroa jaso zuten. Alfabeti­zazioa ere bada lantzen duten beste arlo bat, bai gaztelaniaz eta baita beraien hizkuntzan ere.

Romi Bideaneko 3 hezitzaile
Romi Bidean elkarteko kideek jarraipena egiten diete egunero kanpamenduko bizilagunei. 3 hezitzaile ari dira bertan lanean, goiz eta arratsalde. Eta baita itzultzaile bat ere, jornada erdiz. Beste hainbat ekimenen artean, Emakumeen Taldea dute eta bertan, astero elkartzen dira Astigarragako eta Hernaniko kanpamenduetako emakumeak. Gai ezberdinak lantzen dituzte. Horrez gain, astean bi arratsaldetan, eskolako kontuekin laguntzen diete.

Aurrezteko plana jarraituta, etxe batera bizitzera
Diru laguntzetako kopuru bat aurreztu egin behar izaten dute, kanpamendutik etxebizi­tza batera joan ahal izateko. Aurrezteko plan bat zehazten dute Romi Bidean elkarteko kideekin. Familia bakoitzaren errealitatea kontuan hartuta zehazten dute eta jarraipena egiten diete eboluzioa ikusteko. Udalak ere, hiru hilabetero egiten du errebisioa. Behar adina aurreztu dutenean edo beste arrazoiren batengatik beharrezkoa dela ikusten dutenean, kanpamendutik atera eta aldi baterako etxeetara bideratzen dituzte Romi Bideanetik. Alde batetik, zubi lana egiten duten pisuak daude, Karitateko Alabek utziak. Pake Lekun daude, ospitalaren inguruan. Oso denbora motzerako dira pisu hauek. Bestetik, Diputazioaren inserzio pisuak daude. Bi urtez egon daitezke bertan. «Benetako pisu batera joan aurretik, ohitzen joateko aukera dute pisu hauen bidez», azaldu du Guiterak.

«Erroldan sartuta, ate asko irekitzen zaizkie. Errolda gabe ezin da ezer egin. Existituko ez balira bezala da»


Egoerari aurre egiteko gai izan ez, eta atzera egin behar izateko arriskua ba ote dagoen galdetuta, ezetz dio Guiterak: «Kanpamendutik ateratzen diren pertsonak ez dira arinkeriaz ateratzen. Lanketa bat egina dago eta aurrera egiteko aukera dutela ondo aztertzen dugu. Helburua da, handik ateratzea bizitza hobe bat izateko eta egoera horretara buelta­tzea, atzera pausoa litzateke. Gainera, kanpamendutik ateratzen direnean, ez dira bakarrik geratzen. Jarraipena egiten zaie oraindik». Diputazioak Agifugiko kideen bidez egiten die jarraipena eta ematen die laguntza.

Urtero, 17 familia atera
Proiektua oso ondo doala azpimarratu du Romi Bidean elkarteko koordinatzaileak: «Sei familia atera dira dagoeneko eta laster gehiago aterako dira. Aurten, 17 aterako direla aurreikusten dugu. Eta urteko 17 bat familia ateratzeko as­moa dugu. Gure ustez proiektua oso positiboa da eta integrazio helburua beteko dela iruditzen zaigu».

Eta 2017an kanpamendua ez bada hustu, zer?
Astigarragako alkateak azaldu duenez, kanpamenduko bizilagunek badakite proiektua 2017an bukatuko dela eta handik aurrera, inork ezingo duela bertan jarraitu bizitzen: «Gehie­nek proiektuarekin jarraituko dutela uste dugu, baina baten batzuk 5 urte pasako dituzte bertan eta gero joan egingo dira. Eguna iristean, kanpamendu hori desagertu egingo da, eta hori badakite».

Balta Berdea eta Balta Txuria
Urtarrileko datuen arabera, Astigarragako partean 83 per­tsona bizi ziren, 30 txabolatan. Hernanin, berriz, 47 lagun, 26 txabolatan. Astigarragako kanpamendua bi zonatan banatua dago: Balta Berdea eta Balta Txuria. Baltak aintzira esan nahi du errumanieraz.  
Txabolak eurek eginak dira, lortu edo erositako materialekin: egurra, plastikoa, goma, kristala... Argia, generadoreen bidez daukate eta ura iturritik hartzen dute. Gastu horiek beraien poltsikotik ordaintzen dituzte.

Caritasen janaria, asteartero
Caritasek eta udaletxeak janaria banatzen dute behar duten herritar guztiei begira eta kanpamenduko bizilagunek Caritasen bidez hartu ohi dute janaria. «Caritasek astean behin, asteartetan banatzen du janaria eta udaletxeak urtean lautan, kantitate haunditan. Beraiek nahiago dute astero hartu, janaria kontserbatzeko aukerarik ez baitute», azaldu du Gartziak.

«Kanpamendutik ateratzen diren pertsonak ez dira arinkeriaz ateratzen. Lanketa bat egina dago eta aurrera egiteko aukera dutela ondo aztertzen dugu»

Eskolan, arazorik ez
Umeak, Astigarragako eta Hernaniko ikastetxeetara joaten dira ikastera. Arazorik ez dela izan eta oso positiboa dela azaldu dute Gartziak eta Guitesek. «Eskolara eramatea oso garrantzitsua da. Gauza asko ikasten dituzte: genero berdintasunaren ikuspegia, familia eredua... Integraziora­ko pauso garrantzitsua da. Guraso asko analfabetoak dira. Gainera, poza ematen du umeak euskeraz ikasten ari direla ikusteak», dio Gartziak.

Uholde lurretan
Astigarraga eta Hernaniko kanpamenduak uholde lurretan daude eta bi uholde indar­tsu behintzat pasa dituzte urte hauetan. Alerta egoerak gehiago ere izan dira. Hori guztia kontuan dutela Udalek  azaldu du Astigarragako alkateak: «Badakigu uholde lurrak direla eta arriskuan daudela. Horregatik, beti gaude alertan. Azken uholdeetan, bi txabolek bakarrik izan zituzten kalteak, baina badaezpada ebakuatu egin genituen denak. Arreta berezia daukagu. Uholde arriskua dagoenean, aurreneko fokoa izaten da hura».

«Istorio pila zabaltzen dira diru laguntzen inguruan. Laguntza horiek edozein herritarrek jasoko lituzke halako egoeran biziko balitz»

Ez jakintasun asko
Asentamenduen eta bertako bizilagunen gainean zurrumurru ugari zabaldu dira herrian eta inguruan, eta ez jakintasun asko dagoela dio Gartziak: «Istorio pila zabaltzen dira diru laguntzak jasotzen dituztelako. Baina diru laguntza horiek edozein herritarrek jasoko lituzke halako egoeran biziko balitz. Ez dugu uste inor beraiek bezain gaizki bizi denik. Bestela etorri dadila, berari ere lagunduko diogu. Janaria jartzen dugu, baina autobusa, argia... beraiek ordaintzen dute. Iturriko ura, berriz, denona da». Zentzu horretan, lan haundia dutela gaineratu du: «Erronka bat da zurrumurru horiek ezabatzea eta lan haundia dugu herrian informazioa ondo zabaltzen».
Argi du behintzat, proiektua positiboa dela: «Beste lekuetan egin dutenarekin konparatuz, jarrera desberdina hartu dugu proiektu honekin eta nahiz eta zaila izan, eta arazo batzuk sortu, ez gara damutzen hartutako erabakiarekin».

Herriko ekintzetan
Gartziak gaineratu du, proiektua martxan jarri zenetik delitu kasuak gutxitu egin direla, kontrolatuago daudelako. Horrez gain, herrian hainbat ekintzetan parte hartzen ari direla azpimarratu du eta oso pozgarria dela: «“Udalaren aurrekontu parte hartzaileetan parte hartu zuten batzuek eta ilusio haundia egiten du herriko ekintzetan parte hartzen dutela ikusteak. Horrez gain, ibaiak garbitzeko deialdiak egin zirenean, askok ere parte hartu zuten».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!