Kontzertu berezia ostiralean, egokitutako aretoa inauguratzeko

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 26a, 01:00

Kontzertu berezia ostiralean, egokitutako aretoa inauguratzeko

Aretoa egokitu dute Astiga­rragako Musika Eskolan. Besteak beste, kortina batzuk jarri dituzte, eta inaugurazio moduan, festa antolatu dute, ostiralean. Kontzertu berezi bat eskainiko dute eskolako ikasleek. Arratsaldeko 19:00eta­tik aurrera, honako taldeek joko dute: biolin bikotea, Ilargian, pandero taldea, Dobat, Ibon, Xabier eta Alfredo, Betak, Eira, 7 t’erdik, Ttakun eta Iratzar abesbatza.

300 ikasle, adin tarte guztietan
Norberto Almandoz Musika Eskola 1994an sortu zen. Urtetik urtera, indartzen joan da eta gaur egun, 300 ikasle ditu, 13 irakasle eta zerbi­tzuetarako 2 pertsona. Irati Zabala arduradunak Kronika­ri azaldu dioenez,  edozein adin tarteko herritarrentzat eskaintzen dute zerbitzua. Alde batetik, 0-3 urtekoentzat tailerra dago (inguruko he­rrie­tan ez da halako zerbi­tzurik). Haurrak gurasoekin joaten dira eta musikaren in­guruan gauza desberdinak lantzen dituzte: psikomotri­zitatea, “dantza”, soinu des­ber­dinak ezagutzen ikasi, imitatu, entzumena landu, ahotsa...
Bestetik, 4 urtetik gora­koen­tzako klaseak daude. Adin horretatik aurrera, guraso gabe egoten dira klaseetan. 4-6 urte bitartean, tailerra izaten da, ez dute instrumenturik jotzen. 7 urtetik aurrera aukeratzen dute ze instrumentu jo.

Igande honetan, eguerdi partean, AHIT haize instrumentu taldea herriko kaleak girotzen ibiliko da.

Lau maila
Denera, 4 maila daude eta lehenengo mailan 0-6 urte­koak egoten dira. Bigarren mailan, 7 urterekin hasten dira eta ez dago adin zeha­tzik noiz bukatu. Instru­mentuarekin maila egoki bat hartu arte izaten da. Gero, hirugarren mailan sakondu egiten dute, eta baita laugarren mailan ere.

Instrumentu ugari
Musika Eskolan instrumen­tuak ikasteko aukera ederra dago: gitarra, txistua, akor­deoia, trikitixa, panderoa, klarinetea, saxofoia, tron­peta, pianoa, organoa, zehar­kako flauta, biolina, biola, gitarra elektrikoa, baju elektrikoa, bateria… Azken urteetan modan daudenak gitarra, pianoa eta bateria direla azaldu du Zabalak. «Herri honetan trikitixak ere zaletu asko izan ditu, baina azken boladan jaisten ari da», gaineratu du.

Jaioberrientzako eta haurdunentzako saioak
Musika Eskolak beste zer­bitzu berezi bat ere eskain­tzen du: 0-1 urteko haurren­tzat eta haurdunentzat taile­rra. Gura­­soentzat eta haurren­tzat oso onuragarria dela dio Zabalak eta animatzeko dei egiten die ume jaioberriak dituzten edo haurdun dauden herritarrei.

Ikasle finak
Musika Eskolatik ateratako hainbat ikaslek Musikenen, Euskal Herriko goi mailako kontserbatorioan jarraitu dute ikasketak egiten, eta bukatu ere bai. Iaz, 3 ikasle hasi ziren Donostiako erdi mailako kontserbatorioan ikasten. Eta piano irakasle lanetan dabilenik ere bada, Gasteizko erdi mailako kontserbatorioan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!