Abenduak 3, desgaitasunaren nazioarteko eguna. Desgaitasuna eta kirola (I)

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 1a, 22:15

( Luis Gorrotxategi Zigaran, (Koxka elkarteko bazkidea) ) Kirol arloan herritarrek izan zi­tzaketen zalantzak argitze aldera, joan den irailaren 23an Kro­nikak Beñat Amenabar Herna­niko kirol zinegotziari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen. Agerraldi publiko horretan kirol zinegotziak errepaso orokorra eskaintzen zigun zentzu zabalean kirolarekin zer ikusia duten anitz atal edo sektoreren beharrei buruz. Ezin ditut isilean gorde elkarrizketak eragin dizkidan kezkak. Nire ustez, kirol zinegotziak eskainitako azalpenean ez da errealitate osoa hartzen; desgaitasunen bat duten hernaniarrak ez dira agertzen, ez dira aipatzen. Hutsune horrek sortzen du galdera: zergatik dira ikusezinak, transparenteak, desgaitasunen bat duten hernaniarrak? Ez al du­te jarduera fisikoaren bitartez euren osasuna eta bizi kalitatea hobetuko lukeen programen premiarik? Azken bi ikasturteetan bi monitorek jarduera fisiko egokitua eskaintzen diete behar bereziak dituzten sei haurri. Ordu eta erdiko bi saio, astero. Bi monitoreen gastua udal kirol sailaren kontu dijoa. Penagarria litzateke praktika onen eredu izan zitekeen aurrera pauso hau, basamortuak inguratutako oasi batean geratzea. Udal web orrialdean, Kirol Sailaren atalean irakur daiteke: «Kirol sailaren xede nagusia da, hernaniar orori kirola praktikan jartzeko aukera ematea» Horre­ta­­rako, kirola garatu nahi du, kirol hitzaren esanahi zabalenarekin». Bat nator planteamendu honekin. Baina itzuli gaitezen Kronikako elkarrizketara. Hone­la dio kirol zinegotziak: «(kiroldegiak) 28 urte ditu, ez dago egoera onean». Hemen, beste gako pare bat. Alde batetik, kiroldegiaren egoera txarra, adinaren ondo­rioa ezik, derrigorrezko mantenimendu eta egokitze faltaren ondorioa ere bada. Emaitza itxusia: kiroldegia selektiboa da, ez da denontzat irisgarria. Bes­talde, nola uztartu zeharo kontrajarriak dauden Kirol Sailaren xede inklusiboa baliabide (kiroldegia) diskriminatzailearekin? Ez da nire intentzioa, ezta gutxiagorik ere, inor epaitzea. Ez gaude, soilik, egungo eta aurreko udalen arazo baten aurrean, oro har, erakunde eta gizarte osoaren arazo baten aurrean baizik. Hezkuntza, enplegua, kirola, kultura, komunikazioa, aisialdia... arlo guztiak ukitzen dituen arazo larri honen inguruan hausnartze sakon baten beharra adierazi nahi dut. Norbaitek galdetu liezadake: eta zergatik kirola aipatu? Beñat Amena­barri errespetu osoz, erantzun bakarra dut: eta zergatik ez?
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!