Txus memorian bizirik bizi

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 28a, 22:47

( Jose Paulos Vázquez ) Txusen erlojua otsailaren 14an betiko gelditu zen. Bere erlojua martxan aritu zen bitartean bizitza eta denbora Euskal Herria eta ahulenen aldeko defentsan eta babesean eman zuen. Gaitasun handiko gizona izan da, nahi izan balu aginte-postutara iritsi zitekeena. Herri honekiko ardurak eta maitasunak, makina bat borroketan parte hartzera eraman zuten, nahiz eta horren truke ez dirurik ez estatus sozialik egon, bai ordea, gogobetetze pertsonala eta kolektiboa. Ezingo genuke egungo Euskal Herriaren historian drogaren fenomenoa ulertu Txusen parte-hartzerik gabe; batez ere drogen menpekotasunaren pre­ben­tzioaren esparruan eta zenbait politiko eta polizien droga trafikoagatik salaketan egindako lanagatik. Rodríguez Galin­doren ´zartada` izan zen. A zer bizitza desberdinak! Bata aberastasun pertsonalera, erailketara eta mal­tzurkeriara zuzenduta, Txus aldiz besteei buru belarri eskainia. Drogodependentzien giza mugimenduaren sorkuntzan zutabea izan zen; bere eskutik, ordura arte familian lotsa pittin batez eusten eta sufritzen ziren egoera mingarriei, herria gisa erantzuna ematen lagundu zien. 80.hamarkadan belaunaldi oso batek sarraski bat jasan zuen eta Txus hor egon zen; salatzeko, mina arintzeko, laguntzeko, egoera aztertzeko eta horren arduradunak eta onuradunak nortzuk ziren azpimarratzeko. Kontaezinak dira Txusek emandako hitzaldi eta tailerrak Euskal Herriko herri eta auzoetan, Nafarroako erriberatik hasita Euskal Herriko mugaldera iritsi arte. Gure mugetatik kanpo ere, ezaguna zen bere jakituriagatik, bere drogomenpekotasunaren fenomeno politiko-sozialaren diagnostiko eta interpretazio finaz aberasteko askotan deitzen zuten. Txus, ameslaria izan zara. Eta zure ametsetako bat Askagintza izan zela esaten zenuen. Hasie­ratik gogoz eta gogor ekin zenion proiektuari, hasieratik motibatu zaituen gaia landu ahal izateko… ideia hutsa izatetik errealitate bilakatu dena. Zenbat aldiz entzun zaitugu esaten jubilatzeko grinetan zinela Aska­gintzan buru belarri aritzeko? Askagintzako ´alma materra`, Askagintzako bihotza… guretako, behintzat. Gurekin zure jakituria konpartitu duzu, guk iturri horretatik edateko aukera izan dugularik. Orain, isiltasuna nabari da Aska­gin­tzan, hutsune nabaria sumatzen dugu inguruan, zure irribarrea, zure lan egiteko gogoa, zure alaitasuna faltan ditugularik. Etxarri-Aranatzen jaio zen Askagintza herri erakundea, bere sortzaile eta motorra izan zara; leku berean, Euskal Herriko bihotzean, azkeneko arnasa hartu duzu. Betirako gure oroitzapenean egongo zara. Marian eta Ekhi, besarkada sakon bat; mina arintzen denean, egon ziur, benetan merezi zuen gizon batekin, TXUS CONGIL­ekin, bizitza partekatu izanaren pribilegioa geratuko zaizuela.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!