Hernaniarra da Eric Pajuelo, baina 8 apellidos vascos pelikulan bailaore andaluzaren papera betetzen du. Hala ere, ez da paper hutsa. Izan ere, 26 urteko hernaniar gazte hau orain gurasoen tabernan, Horbel Tabernan aritzen da lanean; «hauxe da artistaren bizitza!», dio. Baina dantzaria da, eta modelo lanetan ere aritu da. Erdi kasualitatez iritsi da 8 apellidos vascos pelikulan parte hartzera.
«Uste baino gehiago azaltzen naiz pelikulan»
Malagan bizi izandu da Eric Pajuelo. Han ikasi zituen Arte Eszenikoak. Gero, dantza irakasle titulua ere atera zuen.
«Folklorea egiten dut: sevillanak, flamenkoa... Eskola bat irekitzea gustatuko litzaidake, eta han berrikuntzak sartu: house musika kastañuelekin, euskal dantzak eta flamenkoa nahastu... Bestalde, 3 balletetan ere ibili naiz».
«Nere burua pelikulan ikustea gustatu egin zait; barruan daramazun artista mugitu egiten da».
Mundu horri lotuta, nola ez, Rocio festara joaten da urtero bere dantza-bikotearekin, Carmen Vegas Loperekin. «Han ginela deitu zidan lehengusinak. Pelikularako dantzari bikote bat behar zutela, berak ezin zuela... eta horixe! Uztaila inguruan grabatu genuen. Goizeko 07:00etarako Arrasaten ginen. Egun gogorra izan zen, baina merezi izan zuen».
«Uste baino gehiago gustatu zait»
Oso esperientzia polita izan dela dio Eric Pajuelok. «Daniel Rovira aktorea, Cadizko jendea, han eta hemengoa... ezagutu ditugu, eta uste baino gehiago gustatu zait pelikula bera».
Bere burua ikustea ere asko gustatu zaiola onartzen du. «Txikitako lagun batekin joan nintzen eta oso polita izan zen». Jende askok zoriondu du kalean eta sare sozialen bidez.
«Nahiago dut dantza munduan lan egin, baina ateratzen denera irekita nago. Estilismo androgenorako modelo lanak ere egin ditut Alberto Rodriguez Venturarekin. Artisteoa gustatzen zait!».