( Juan Inazio Arrieta Egilegor )
Ave Maria parkearen irekiera ekitaldira herritar guztiak zeuden gonbidatuta eta EAJko zinegotzia zein oposizioko beste edozein joan izan balitz soberan daki Amonarraiz jaunak ongi etorria izango zela.
Lau urteotan makina bat aldiz gonbidatu izan ditugu Udalak antolatutako ekitaldietara eta orain arte ez dute inoiz parte hartu nahi izan, hortaz bertan egoteko beharra hauteskunde giroari lotzea besterik ez zaigu geratzen.
Bestela umekeriatzat hartu beharko genukeen jarreraren inguruan, Andoni Amonarraizek darabilen jokamolde ilunaren adibide garbiena Ave Maria parkea berritzeko prozesu luzean zehar izan duen jarrera argitzea baino ez, eta norberak atera ditzala ondorioak.
Eta parkea zergatik ireki zen?, parkeak asteburuan izan duen harrera ezin hobeak berak azaltzen du. Txillida pasealekuarekin lotzen duen sarrera falta da amaitzeko, parkea bera amaituta dago, zergatik mantendu itxita inolako oztopo edo arriskurik gabe erabilgarri dagoena?.
Hori esanda Amonarraiz jaunak argitu beharko luke hauteskunde giroa ez bada zerk daraman behingoagatik ekitaldi ofizial batean parte hartu nahi izatera, beti obra honen aurka egon dena.
2009ko uztailak 30ean erabaki zuen horretarako osatutako epaimahaiak aipatutako parkea berritzeko ideia lehiaketan sarituak zeintzuk ziren. Amonarraiz jauna epaimahaikide izan zen, eta hauxe eskatu zuen bertan, ez ziezaiola inori saria eman parkea berritzeak kostu handia ekarriko zuelako eta berak esku hartze txikiagoa nahi zuelako. Gainerako 6 epaimahaikideek ez zuten bat egin proposamenarekin eta Sabai arkitektoei eman zitzaien sari nagusia, eta hortaz proiektua egiteko mandatua.
2010eko urtarrilaren 7an onartu egin zen hirigintza batzordean Sabaiko arkitektoek aurkeztutako proiektua eta egokitzapen lanen lehen fasea egiteko Inbertsio Lokaletarako Estatu Funtsaren bitartez finantzatzeko diru laguntza eskatzea erabaki zen, Amonarraiz jaunaren aurkako botoarekin.
2010eko apirilaren 14an hirigintza batzordean hasiera eman zitzaion egin beharreko lanak egiteko kontratazio prozedurari, hemen ere EAJko ordezkariak aurka bozkatu zuen eta gauza bera gertatu zen 2010eko azaroaren 15ean. Egun horretako hirigintza batzordean Koxka elkartearekin egiten ari ginen lanaren ondorioz, besteak beste Ave Maria parkearen irisgarritasuna erabatekoa izateko egin beharreko lanetan hainbat aldaketa egitea onartu zen, baina orduan ere Amonarraiz jaunak aurkako botoa eman zuen.
Hortaz, argitu beharko lieke hernaniarrei nondik aparteko interesa irekiera ekitaldian parte hartzeko, egin beharreko lanen aurka egin duenak. Edonola ere berriro diot, beti egon dira gonbidatuak oposizioko alderdiak Udalak antolatutako ekitaldietara eta hurbilduz gero ongi etorriak izango dira. Hortik aurrera azaltzen zaila EAJko ordezkariak egindako kritika, ohiko funts-gabeko burugabekeriak alboratuta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!