( Luis Gorrotxategi Zigaran )
´Giza jarduerak sortzen duen zarata da gure ingurunean kutsadura ohikoena eta, ezagunaren ezagunez, arreta gutxien sortzen diguna. Arazo horren aurrean sentsibilitaterik eza antzematen da, eta ez Administrazioaren aldetik bakarrik, ez baitu zarataren aurkako neurri eraginkorrak hartzeko ezer egiten; baita gizartean bertan ere.../... ulertezina bada ere, isilik geratzen baita zarataren erasoaren aurrean. Talde edo auzo bati nabarmen eragiten dionean eta gaia hedabideetara iristen denean bakarrik gogoratzen gara zarata badela eta jasaten dutenentzat gogaikarri dela`.
(http://revista.consumer.es/web/eu/20010501/salud/26934.php)
Has gaitezen definizioekin. Zer da zarata? Nazio Batuek (ONU) sortutako Osasunaren Mundu Erakundeak (gaztelaniaz OMS) honako hitzekin definitzen du zarata: desatsegina den soinua. Tira, ez da aho zabalik uzten duen definizio horietakoa, baina: 1) zintzoa da, eta subjetibotasunaren eragina ez du disimulatzen; eta 2) hari-mutur bat eskaintzen digu. Beraz, tira dezagun aritik.
Zarata da, emisio energetiko bat. Energia hori soinu-uhinen bitartez zabaltzen da, iturburutik hasita, airean zehar. Momentu eta intentsitatea zenbateko den, halako inpaktoa eragingo du ingurumenean.
Beste kutsatzaileen aldean ezaugarri bereziak ditu zaratak.
-Ez du sortzen ez hondakinik, ez metatze prozesurik; halere, bere eraginak akumulatu daitezke pertsonen eta animalien organismoetan.
-Naturako beste elementuek eragiten dituzten kutsaduren kasuetan ez bezala (ura, airea, lurra adibidez), kutsadura akustikoari entzumenaz soilik antzematen zaio. Ur kutsatua, konparazio batera, zaporeaz, usainaz eta itxuraz somatu daiteke. Ikerlarien esanetan, zarataren toxikotasunaren berezitasun honek bere garrantzia gutxiestea eragiten die afektatuei.
Pertzepzio subjetibo horrek irteerarik gabeko kasuistika pertsonalaren laberintora kondenatzen ote gaitu?. Ez horixe. Adibide bakarra jarriko dut. Gaur egun, trafiko istripu arloan, radar-ek eta alkoholemia kontrolek pikutara bidali dituzte garai bateko eztabaida bukaezinak.
Zarata neurtu daiteke, badago horretarako teknologia. Zaratari mugak jartzea badago, horretarako daude legeak eta araudiak. Zaratak giza osasunean dituen eraginak gero eta zehatzago ezagutzen dira; horretan ari dira ikerlariek. Hernaniko udal gobernuak behin eta berriz adierazi du bere konpromisoa, herritarren osasunaren defentsan.
Noren zai, zeren zai gaude arazo larri honetan inplikaturik gauden erakunde eta pertsona guztiok, irtenbideen bila lanean hasteko?
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!