Emakumeon kontrako indarkeriarik ez!

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 25a, 01:00

( Maitane Barrenetxea Urretabizkaia Ana Revuelta Andres Hernaniko Txoko Feminista ) Azken egunetan Amaia Azkueren hilketaren inguruko bertsio ezberdinez josiak agertu zaizkigu egunkariak eta albistegiak. Oraindik ez dira argitu erasoaren arrazoiak edota erasotzailearen identitatea, baina argi dagoena da emakume bat bortizki erahila izan dela. Beste emakume bat. Emakumeen kontrako in­darkeria, gure jendartean ematen diren giza eskubideen urraketa larrienetarikoa da. Emakume izateagatik, emakumeok jasaten ditugun indarkeri mota oro barnebiltzen ditu: eraso sexualak, behartutako prostituzioa, lan eremuan eman daitekeen jazarpen se­xuala, jipoi edota erahilketak. Indarkeri mota hau patriarkatuaren oinarrizko ezaugarri bat da, kontrol eta dominazio estrategia bat emakumeon menpekotasuna mantentzeko erabiltzen dena. Duela gutxi arte ´arazo familiar edota pribatu` bezala ulertzen zen, esparru sentimentalarekin lotua egonik, bikote barruan ematen den indarkeria zen. Mugimendu feministak, ordea, lortu du indarkeri hau arazo politiko eta sozial bezala irudikatu eta birkokatzea. Gauzak horrela, Her­naniko Txoko Feministatik gogor salatu nahi dugu eraso hau. Gure haserrea adierazi nahi dugu, oraindik ere gure jendartean, emakumeon diskriminazioa, erasoen inpunitatea, emakumeon gizonekiko dependentzia eta indarkeriaren justifikazio teoriko eta psikologikoa ematen delako. Guzti honek bihurtzen du, egun, indarkeri sexista gure jendarteko gaitz bat. Hori dela eta, hemendik aurrera Hernaniko Txoko Feministak eta Berditasun Kontseiluak, Euskal Herriko emakumeon mundu martxako plataformaren erantzun protokoloarekin bat egingo dugu eta Euskal Herrian emakume bat erahila den bakoitzean erantzuna mar­txan jarriko dugu. Notizia publiko egin eta 24 ordutara kontzentrazioa burutuko da Plaza berrin 19:30tan, euskal herriko beste herri eta hiri askotan egiten den bezala. Mugitu zaitez erasoen aurka! EZ DUGU ONARTUKO INDARKERI SEXISTARIK!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!