( Jexux Eizagirre Portillo )
Ez dago urruti. Oinez, 10 minutu, plazatik. Terrenoz, futbol zelai-erdia. Atea zeharkatu, eta... bidai luze bat egin dugu, antza; eta, nonbait, oihan magiko batean gaude: palmondo, mizpira japoniarra, Birmaniako garo, Himalaiako zedro... Putzu bat ere bada: arrain-gorri sinpatikoak; eta, inoiz, igel despitatu bat, dzanga uretara salto egiteko prest. Parke Botanikoan zehar noa, ttappa-ttappa.
Urtaro bakoitzak bere kolorez zipriztintzen du parkea: atzo, sanjose lorez. Nik oso gustuko dut Ginkgo Bilobak, urrian, hartzen duen urregorri kolorea, eta Herkules arbolak erakusten duen...
Polifonikoa ere bada parkea: han entzungo diozu, txan-txan, txantxangorriari; edo txor-txor, zozoari; edo txio-txio... edo mee, larreko ardiari; edo irrintzi, mendiko behorrari; edo kukurruku, baserriko oilarrari... edo angu, titia hartzen ari den jaioberriari... Hego-haizeak ere bere musika (pir-pir) aterako die zuhaitzei, dardara eragitean. Udan, zunburruntxoa ere entzungo diezu eltxoei...
Kulinarioa ere baduzu parkea. Zuhaitz-hostoak bi eskuez igurtzi, eta hainbat zapore dastatuko duzu. Ereinotza usaindu, eta plater txinatarra dastatuko duzu. Izeia gorria usaindu, eta perfume garestia adituko... Mexikoko altzifrea usaindu, eta urtetan barriketan ondutako ardoa...
Sanatorioa ere baduzu... Pinu tantaiak dituzu, errenkan. Haien azpian paseatuz, birikak berritu egingo zaizkizu...
Parkean baduzu, gainera, toki bat energetikoa. Eserleku bat. Bankua, egurrezkoa... Ezker-eskuinez palmondo bana ditu: itzalean duzu zain, esaldiz josita... Energia positiboak irteten dizu, esaldi bakoitza irakurtzean. Guztien gainetik, fusibleak ere erre egingo dizkizu batek: ´Ez nazala ezerk, zu gandik urrundu`. Juramentu hori bankuak berak egin zion parkeari, San Joan gauez, ilargitan, zoli-zoli; eta, gero, bihotz gazte batek kopiatu, akats ortografiko eta guzti.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!