Osasuna lehenesten dugu

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 15a, 22:34

( Izaskun Txintxurreta Hernaniko Ingurumen zinegotzia )

Aurreko astean Hernaniko Udale­txe­ko alderdi politiko batzuren ordezkariek atez atekoaren aurkako euren iritzia agertu zuten. Lehenik eta behin ekarpenok eskertu nahi nituzke eta, bide batez, aukera hau baliatu atez atekoaren aldeko gure hainbat argudio aurkezteko.

Herrietako hondakin solidoen kudeaketa ikuspuntu askotatik landu liteke: osasuna, ekonomia, kontsumo ohiturak etab. Horiek guztietatik ga­rran­tzitsuena osasuna iruditzen zai­gu. Ikuspuntu ekonomikoa ere kontuan hartzekoa da, jakina, edo ekologikoa, baina horiek denak osasunarekin alderatuz gero, gure iritziz, bigarren mailakoak dira. Adibide bat jar­tzearren, badakigu amiantoa merkea dela eta minbizia eragiten duela. Nork au­keratuko luke ordea amiantozko sa­baiak dituen etxea bizitzeko? Inork ez, guztiok osasuna lehenesten dugulako.

Atez atekoa gaur egungo kudeaketa modua baino merkeagoa izatera irits liteke. Eta, zer esanik ez, errauskailua baino askoz merkeagoa da. Arrazoi sinple batengatik, bilketak lan gehiago eskatzen duen arren, ondoren udalak diru bat jasotzen du birzikla­tzera eramaten dituen materialengatik, balantze orokorra atez atekoaren aldekoa egiten dutenak. Bestalde, Udalak autokonpostatu egiten duten familiei tasak jaitsiko dizkie, herritar batzuentzat atez atekoa merkeagoa izango delarik. Dena dela, hori ez da atez atekoaren alde egoteko arrazoi nagusia.

Merkeagoa izateak ez du beti hobea esan nahi. Atez ateko sistema hautatzeko arrazoi nagusia osasuna babestea da, bai jendearena eta baita inguruarena ere. Ezin dugu orain arte bezala jarraitu, arnasten dugun airea eta edaten dugun ura pozointzen. Birziklatu daitezkeen materialak botatzeko erabiltzen ditugun zabortegiak ixtea lortu behar dugu. Eta ezin dugu foko toxiko bat itxi, San Markoko zabortegia, Zubietan beste foko toxiko handiago bat jartzeko, errauskailua. Erraustegian puntako teknologia erabiliko dela esaten dute batzuk, baina horrek ez gaitu lasai­tzen, aste honetan bertan jakin baitugu Eusko Jaurlaritzak Zabalgarbiko errauskailuari espedientea ireki diola bilbotarrek edaten duten ura kutsa­tzeagatik. Gauzak horrela, egun ditugun sistemetatik atez atekoa da jendearen osasuna kaltetzen ez duen bakarra. Horregatik aukeratu dugu bilketa sistema hau Hernanirako, ikuspuntu ekonomikotik, politikotik, ekologikotik eta, batez ere, osasunaren ikuspuntutik, defendagarria den sistema bakarra delako. Gainera, atez atekoa da Europatik eta Estatutik datozen betebehar legalak betetzen dituen sistema bakarra. Hondakinen kudeaketari dagokionez, Usurbil izan ezik, gainontzeko herri guztiek ez baitugu legea betetzen.

Gizateriak duen arazo larrienetako bat hondakinen kudeaketa da. Ezin dugu beste aldera begiratzen jarraitu. Badakigu jende askok birziklatzen duela eta ahalegin handia jartzen duela horretan. Zoritxarrez, ordea, birziklatzen ez dutenak ere badaude eta horrela ezin dira guztiok desio ditugun helburuak lortu. Horregatik guztiagatik, atez atekora jo behar dugu. Bide horretan herritarren, alderdi politikoen eta gobernu taldearen indar guztia beharko dugu. Baina aldi berean badakigu hernaniarrentzat ilusio handiko garaia dela, ematear gauden aurrerapausoa itzela delako. Aurrena, osasuna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!