( Roxario Pikabea Ugalde ) Gero eta gehiago hitz egiten da ekologiaz eta naturaren zaintzaz azkenaldi honetan baina ez da oso azkarra izan behar landa eremua geroz eta kaltetuago eta urriago dagoela ohartzeko. Gaur egun modan dago energia berriztagarrien beharretaz hitz egitea, alegia, planeta berotzen ari denez (ez da harritzekoa gizarteak ematen dion tratua ikusita!) ozono geruza zulatzen doan heinean, energia berriztagarriak sortu beharra omen dago arazoari aurre egin nahi bada. Alabaina, natura hobeto zainduz eta kontu gehiagorekin gauzak egin daitezkelakoan nago: haize errotak ipiniz mendi-lerro guziak izorratzen ari dira (hurbileneko proiektoak Azketa-Mandoegi eta Ernio-Gazume ditugu) argindar handiko lineek basoak zuzenki ebakitzen dituzte sekulako inpaktoa sortuz ingurugiroan, gasodukto eta beste antzeko aurrerapenek, berriz, Parke Naturalak ere ez dituzte errespetatzen jada (Epelerreka) bidean harrapatzen dituzten errekak, zingirak eta biomasa oro suntzituz. Hori al da natura zaindu eta babestea? Oihanak eta landa eremuak ez al dira bada funtsezkoak Co2 neutralizatu eta airearen kalitate ona bermatzeko? Beraz, non dago Foru Aldundia- berak ditu eskumenak- horrelako legez kanpoko sarraskiak galerazi gabe?
Autobide, autopista, saihesbide, errepide mota guzietako bideak, hots, aurki dena bide, etxe, pabeloi eta infraestuktura erraldoi, denak helburu bakarrarekin : interes ekonomikoak eta irabazi oparoak!! Esateko, Hernani eta Urnieta bitartean egin berri duten saihesbidean bospasei baserri eraitsiak izan dira (Bakero, Mandazubi, Zibulio, Amotzategi, Buztintxulo) eta beste hainbat zeharka izorratu dituzte, belardi eta baratza hoberenak erdibitu dizkietelarik. Gauza bertsua gertatu da Errekalde eta Oriamendi tartean eraikitzen ari diren autopista dela-eta: Garmendiaenea, Balantxa, Arizmendi
(ehunka urteko haritzak barne) lurrera bota dituzte inongo eskrupulurik gabe.
Aldiz, gizakiarentzat beti ogibide izan diren laborantza, artzantza, arrantza eta baserria orohar, suntsitu eta desagerrarazi egin dituzte gure jauntxo lukurreroek, hots, laborantzako ezin hobeak izan diren ibaiertzetako lur gozoak estali egin dituzte hormigoipean, baserritarrei duintasunez bizitzen lagundu ordez (esnea eta haragiaren prezioak umilagarriak dira) errepideak eta eraikuntza erraldoiak egiteko terrenoak desjabetu egin zaizkie, garaiko Kantauri itsaso oparoan arrainik ez dago jada kutsadura eta arrantza politika txarra dela medio eta abar luze eta negargarri bat.
Antza, hondamendi horiek gutxi ez eta, orain Abiadura Handiko Trena egitea premiazkoa dela esanez heldu zaizkigu: beste krimen ekologiko bat, beste iruzur ekonomiko bat. Zuzenka edo zeharka Hernaniko baserri hauek ere izorratu egingo dituzte egitasmo hori gauzatzen bada: Gure Ametza, Tolareta, Altzueta eta Altzueta-Berri, Iparragirre, Elorrabi eta abar. Aitzitik, Gobernu frantziarrak, arrazoi ekologiko zein ekonomikoak tarteko, Abiadura Handiko trenaren proiektua geldiaraztea erabaki duela jakinarazi berri du. Era berean, Ipar Euskalerriko alkate eta hautetsi andana bat (alderdi eta ideologia ezberdinetako politikariak zorionez!!) egitasmoaren aurka agertu da sutsuki, eta hainbat ekimen antolatu dituzte sarraski hori gelditze aldera. Nire elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi diet ekimen politiko hori gauzatu eta bultzatu duten guziei, halanola Itsasondon ekintza eredugarri baten ondorioz zuhaitzeetan zintzilikaturik dauden partaideei. Adore guziei! Gizalegez eta, gure arbasoek utzitako oinordetza delakoz, datozen belaunaldiei landa eremuez, basoez eta baserriez hornituriko Euskalerria uztera behartuak gaudelakoz, NI Abiadura Handiko Trena egitearen AURKA nago fermuki.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!