( Jesús Uzkudun; Oskar Matute; Ander Rodríguez; Iñaki Saldaña; Joakin Iturralde; Ricardo Ortega; Josean Cuesta; Joseba Ugalde; José Vicente Ojinaga; Jon Lasa; Begoña Vesga; Iñaki García; Arturo Muñoz; Roberto de Gracia; Pablo Aretxabala; Carmen García. ) 2007ko Aberri Eguna dela-eta, EZKER BATUA Berdeak taldeko Batzen korrontearen izenean zera adierazi nahi dugu:
Oztopo guztien gainetik, bake eta normalizazioaren aldeko apustu irmoan jarraitzen dugu. Horrek, bestelako ondorioen artean, indarkeriarik gabeko etorkizunerantz eramango gaitu, non Euskal Herri anitza aitortua izango den, non ezker eraldatzailearen gehiengo politiko eta soziala ahulenen alde behin betiko hedatua izango den.
Esentzia identitarioei muzin egiten diegu. Nazioaren eraikuntza sozialak baino ez gaitu mugitzen, ezkerreko ikuspegia. Eta honekin batera, Euskal Herriko ezker ezberdinen sektore abertzale eta euskalzaleak batzearen ideiarekin bat egiten dugu, elkarrenganako aitortzatik sentsibilidade ezberdinen elkarbizitzarantz; autodeterminazioan, ekosozialismoan eta aniztasunean bat egingo lukeen espazio politikorantz, bukatu gabeko edo eta gaizki itxitako eztabaiden sintesi historikoa izango litzatekeenerantz, alegia.
Aurrean dugun Aberri Egun honetan, halaber, bi Estatu eta hiru esparru administratibo-juridikok zatitzen duten Euskal Herriaren aniztasuna aintzat hartzen duen espazio politiko baten alde hausnarketa egitera dei egiten dugu. Bertan, ezberdinak ezezik kontrakoak diren sentsibilidade nazionalak bizi direla gogoan izanik, guztiak ere ordea, propioak; eta Nafarroako errealitatea entitate politiko subirano bezala aitortuz, non nafarrek hartuko baitituzte beren etorkizunari buruzko erabaki oro. Espazio politiko horrek, akaso, Euskal Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko entitateen gizarteek berorren etorkizuna aske erabakitzeko ibilbidea kudeatu beharko du, esklusiorik gabe, bortxarik gabe. Are gehiago, gizartea, alderdiak eta erakundeen arteko harreman demokratiko eta partehartzailea sustatu beharko du; xede sozial, ekonomiko eta ingurugiroarekin loturiko guztiak praktikara eraman beharko ditu, alderdi, koalizio eta ezkerreko mugimendu ekologista, feminista, antimilitarista edo eta sozialak uztartuz; giza eskubide guztiekiko errespetua estu-estuki jarraitu egin beharko du ere, salbuespenik gabe, irakurketa partzialik gabe.
Eta helburu benetan zail baina itxaropentsu hori erdiesteko ETAri dei berezia: Irlandakoari eutsi eta indarkeriaren estrategia antzua ahaztu, herri honetan puri-purian diren prozesuak garatzen utziz, berau eta gainontzeko guztiak.
Iraganaren mamuak uxa ditzagun. Goazen amaigabeko eztabaidak azkentzera, frentismoen gainetik, inkomunikazioaren luebakiak estaltzera. Langilegoa oinarri, gehiengo sozialaren aldeko zeharkako kultura politiko, sozial eta sindikal berriari hel diezaiogun behingoz. Ekin diezaiogun eta has gaitezen pentsatzen Aberri Egun bateratua ospatzeko kapaz den gizarte heldu batekin.
Batzen taldeko gizon-emakumeok bagabiltz.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!