18/98 +

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 10a, 10:45

(

Jesús Uzkudun, Ricardo Ortega, Josean Cuesta, Joseba Ugalde, Carmen García, Pablo Aretxabala, Roberto de Gracia, Josemi Garaikoetxea, Ion Lasa, Joakin Iturralde, José Vicente Ojinaga, Begoña Vesga, Juan Puerto, eta Arturo Muñoz. (Batzen) - Ezker Batua Berdeak.

)

Honako agiri hau sinatzen dugunok, EZKER BATUA Berdeak taldeko Batzen korrontearen kideak gara eta Audientzia Nazionala burutzen ari den 18/98 + sumarioaren epaiketa politikoa salatzen dutenekin bat egitera gatoz. Epaiketa politikotzat jotzea ez da arinkeria bat. Adierazpen, biltze edo eta elkartze funtsezko eskubideen urraketa larrian du oinarri. Gertatutako erasoaldien artean honakoak antzeman ditzakegu: prozesaturiko pertsonen berma juridikoen gabezia; neurrigabeko fidantza ekonomikoak; aurrez aurretiko kartzela zigorren abusua; tortura eta tratu txarren salaketak; legediaren instrumentalizazio politikoa; zehaztu gabeko tipo deliktiboen aplikazio zabala; edo probaezinak diren txosten literario-polizialetan oinarritutako prozedura ideologizatuak. Aurrean dugun `Zuzenbidezko Estatuaren` kritika areagotzen du honek geurean. Ez gaitu konbentzitzen. Ez interes politikoei erantzuten dion potere judizialaren ustezko independentziarik; ez garai bateko tribunal apartekoak bezala funtzionatzen duen Audientzia Nazionalik; ez nazio aniztasuna ukatzen duen Estatu eredu monarkikorik; ez beste hainbat arrazoirengatik ere -hau bezalako mila bat agiri egin beharko genituzke-, ez gaitu inolaz ere konbenzitzen. Oraingoan, kritika politiko honi badugu honako sarraskeria judiriko-politiko hau gehitzerik ere. Kriminalizazio saiakera argia deritzogu hau guztiari, delituen izaera norbanakoa eta probatorioa gogoz ahazten duen saiakera kolektibizatzailea, alegia. Non ote da errugabetasun presuntzioa? Aipatutako eskubide eta askatasun horiek geureak bailitzan bezala sentitzen ditugu, orain ez gutxi borrokatutakoak eta sufrimendu itzelak pairatuz irabaziak izan direla sentitzen dugu, izan ere. Hori dela eta, kasu honetako urraketa sistematiko hau guztioi dagokigula uste dugu, EBb taldeko parte garen heinean, eta beraz, euskal gizartearen parte garen heinean ere. Arrazoi hauek direla medio, hurrengo larunbatean Bilbon deitua den manifestazioarekin bat egin nahi dugu. Ez gatoz bat akusatuen planteamendu politiko guztiekin, baina horien eskubideak defendatzeko beharrean aurkitzen gara, gu guztion eskubide eta askatasunak direlako, hain zuzen ere. Honenbestez, azkenik, elkarrizketaren, biolentzia ezaren eta pertsona guztien eskubide guztiekiko errespetua aintzat izan nahi dugu, Euskal Herri askeago eta demokratikoago baterantz eramango gaituztelakoan, non herritarren sorterria baino, berauen eskubide nahiz betebeharren praktika eraginkorra nagusituko den.

Jesús Uzkudun, Ricardo Ortega, Josean Cuesta, Joseba Ugalde, Carmen García, Pablo Aretxabala, Roberto de Gracia, Josemi Garaikoetxea, Ion Lasa, Joakin Iturralde, José Vicente Ojinaga, Begoña Vesga, Juan Puerto, eta Arturo Muñoz. (Batzen) - Ezker Batua Berdeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!