Etxebizitza eskubidea da!

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 6a, 18:46

( Beñat Aginagalde, Ate Jokaren izenean. )

Pertsona orok gure bizi proiektua aurrera ateratzeko hainbat eskubide beharrezkoak ditugu; lana, jantzi, elikagai, osasun, hezkuntza... Horien artean kokatzen da ere etxebizitza eskubidea. Hala ere, gaur egun, gizartearen zati handi bati oinarrizko eskubide hau ukatzen zaigu. Etxebizitza espekulatzaile gutxi batzuen poltsikoak betetzeko merkantzia hutsa bilakatu da, horrek milaka herritarren bizitza ere batean baldintzatzen duelarik (etxerik lortu ezina, bizitza osorako hipoteka batean sartu beharra...). Egoera larri hau bere gordintasun osoan adierazten da bereziki gazte, emakume eta etorkinen artean. Honek guztiak baditu erantzuleak, denen eskubideen kontura aberasten diren espekulatzaile txupopteroak, alegia: konstruktora, banketxe, promotora, etxe hutsen jabeak, beste alde batera begiratzen duten administrazio eta udalak, politikari ustelak... Egoera honen aurrean hainbat eta hainbat dira bizitzeko leku baten bila hutsik zegoen etxe batean sartu diren herritarrak, finean, etxe hauen benetazko helburuari (bertan norbait bizitzea alegia) zentzua ematen dioten pertsonak. Hernanin baditugu honen adierazleak. Duela urte batzuk gazte batzuk hutsik zegoen ´maisu etxean` (zaharren egoitzaren ondoan) sartu ziren. Hasiera batean Udalarekin beren soldaten araberako alokairu bat sinatu zuten baina hau bukatu zenean berehala hasi ziren gazteak botatzeko ahaleginak. Azken aldian mota guztietako trikimailu eta sabotaiak burutu dituzte: etxeko ur eta argia moztu, bortxaz botako zituztenaren mehatxuak, etxea hondakinez bete, sarrerak oztopatu...etab. Ez dugu zalantzan jartzen zaharren egoitzak berrikuntza behar duela. Baina egia da ere herritar hauek, eta baita etxerik gabe dauden hernaniarrak ere, bizitzeko leku duin bat beharrezkoa dutela. Etxebizitzaren arazoa gazteen arazo larrienetako bat da eta horren bermea Udalari dagokio. Beraz alternatiba errealak exijitzen dizkiogu udaletxeari. Lotsagarria da herri honetan 1.000 etxebizitza inguru hutsik egonik ez ematea inongo aterabide errealik. Non dago agindu zenuten etxe hutsen zerga igoera? Zein dira zuen alternatibak? BOEak egitea? Ondo asko dakizue horrelako etxe bat eskuratzeko minimoetara asko eta asko ez direla iristen eta gainera loteria baten modura banatzen direla, zuri bai, zuri ez, eskubideak bai, eskubideak ez. Herria porlanez betetzea da zuen alternatiba? Guk herritar bezala alokairuzko etxebizitza parke publiko baten sorrerari ekitea eskatzen dizuegu, denen beharrak beteko dituen parke bat. Horretarako etxe hutsei irtenbidea eman behar zaie. Parke hau udalak kudeatu behar luke eta herriaren mesedetan arituko litzake.

Beñat Aginagalde,
Ate Jokaren izenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!