Dagoeneko urtebete egin du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak borroka
bateratua abian jarri genuenetik, gure oinarrizko eskubide zein eskubide
politikoak aldarrikatze eta gauzatze bidean.
Jakina da oinarrizko eskubideak etengabe zanpatuak dauzkagula: osasun eskubideak,
ikasteko eskubidea, euskaraz bizitzeko eskubidea eta senide eta lagunekin
harremantzeko ere geroz eta oztopo handiagoak jartzen ditu etsaiak sakabanaketa
politika hiltzailea, zigor politika gogorra eta mila trikimailu zeken erabiliz.
Hala ere, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideok tinko eusten diogu gure
borrokari, gure aldarrikapenei eta oro har euskal herritar eta militante
izatearen egunerokotasunari.
Bada urtebete ia oinarrizko eskubideez gainera estatus politikoaren aldarrikatze
bidean apustu berezia egin genuela. Preso politikoak garen neurrian, kolektibo
bateko kideak garen neurrian, biltzeko, antolatzeko eta gure mintzakidetza
garatzeko eskubideak aldarrikatzen ditugu, Euskal Herrian abiatzen diren
eztabaida eta erabakitze prozesu guztietan parte hartzeko eskubidea eta
betebeharra dugulako beste hainbat gizarte eragile eta eragile politikoren
parean, eskubide eta betebehar berdinekin.
Euskal Herriak gaur bizi duen itxaropenezko mementu hauetan, non aukera berriak
sortu ditugun, non gatazkaren benetako erroa mahaigaineratzea lortu dugun, non
konponbide politiko ezberdinak aurkeztu diren, guk egina dugu gure apustua.
Horregatik gure dinamikarekin jarraituko dugu, estatu frantziarrean eta
espainiarrean barreiatutako kartzeletan, etsaiaren eskuetan eta etsaiaren
aurrean gure eskubideak aldarrikatu eta gauzatzeko borroka aurrera doa.
Baina hau guztia ere ez da nahikoa izango. Euskal Preso Politikoek Euskal
Herrian egon behar dute, eztabaida eta erabaki gune guztietan, herrietan,
auzoetan. Eta ez da nahikoa izango "Euskal Preso Politikoak Euskal Herrira!"
oihukatze hutsarekin gelditzen bagara ere, estatu zanpatzaileen erabakien
gainetik euskal eragile batzuen epelkerien gainetik, batzuen eta besteen
poltrona eta interes ekonomikoen gainetik gure eskubideak gauzatzeko garaia
heldu da. Euskal Herriari eta euskal herritarroi dagozkigun eskubideak
gauzatzeko, egi bihurtzeko garaia da.
Euskal Herriak du hitza eta erabakia, Hernanik du hitza eta erabakia, lan eta
borroka luzea dugu aurretik, bide horretan oztopoak eta errepresioa eskaintzen
duenak aurrez-aurre izango gaitu, baina Euskal Herriaren eskubideen alde
zintzoki pauso txikiena ere eman nahi duenak, guztiz beharrezkoa den gure hitza
eta ekintza izango ditu ondoan.
Guztiak gara beharrezkoak prozesu, bide askatzaile honetan eta guztiek lan egin
beharko dugu denok parte hartu ahal izateko; horregatik gonbitea egin nahi
dizuegu gurekin batera bide honetan jarrai dezazun, pauso berriak emanez, tinko
eta itxaropentsu.
Urtarrilak 7an guztiok Bilbora!!
Euskal Herriak merezi duelako, guztiok eman dezagun pixka bat gutxi batzuek dena
eman behar ez dezaten. Euskal Preso Politikoak Euskal Herrira! Geurea da hitza
eta erabakia!
Gorka Loran,
Oihane Bakedano,
Imanol Miner,
Gari Arruarte.
Euskal preso politikoak