Tokiko telebistak eta euskara: eskubide kontua

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 28a, 11:21

( Iker Martinez de Lagos Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa idazkaria )

Teknologia berrien eskutik datorkigu tokiko telebisten araua. Garai digitalean sartzen ari gara eta Estatuan telebista digitala legez arautu dute. Eusko Jaurlaritzak, lehenago Nafarroako Gobernuak edo beste batzuek egin duten modura, dekretu bidez zehaztuko ditu EAEn banatuko diren lizentziak erabakitzeko irizpideak. Lehen zirriborroa jadanik ezaguna dugu.
Dekretu zirriborroan tokiko telebistetan euskararen erabilera arautzeko irizpide nagusia ondorengoa da: Eustaten ikerketak hartuta, eremu bakoitzeko biztanle euskaldunen portzentaiaren araberako gutxieneko kuotak ezarriko zaizkie eremuko tokiko telebistei. Udalek zuzenean kudeatutako telebistei %50eko gutxieneko kuota ezarriko zaie, eremuko euskaldunen portzentaia txikiagoa denean (bestelako eragileek kudeatutakoentzat ez dago gutxienekorik). Hala ere, hirigune handienetan udalek hartuko dituzten erabakiak ikusteko daude. Lehenengo sortu zaigun galdera hau da: zergatik ez dira Eustateko datuetan ia-euskaldun moduan sailkatzen diren biztanleak gutxieneko kuota ezartzeko kontuan hartzen? Eta bigarren galdera bat ere gehituko genuke: zergatik ez zaigu euskaldunoi euskara hutsezko kanalik legez bermatzen?
Egin ditugun eskariak (euskara hutsezko telebistentzat erreserbak eta kuotak ezartzeko ia-euskaldunak kontuan hartzea) ez dira kapritxoak, ez dira kontu hutsalak edo garrantzirik gabekoak. Ia-euskaldunen multzoan sartzen diren biztanleak euskarazko telebistaren hartzaile potentzialak dira, euskarazko komunikabideak hartzera erakarri nahi den multzoa da. Aintzat hartzeko zenbait datu:
- Eustateko 2001eko datuen arabera, EAEko hiru hiriburuak kokatuta dauden eskualdeetan 294.294 euskaldun eta 356.504 ia-euskaldun bizi ziren urte horretan (bi urtetik gorako biztanleak). Hiru eskualde horietan EAEko biztanleen bi herenak (%67,56) konzentratzen dira.
- Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeari entzundako beste datu bat: elebidunen bi herenak (%66,3) hirietan bizi dira, EAEko errepide sare nagusietan lerratutako 10.000 biztanletik gorako udalerrietan.
Beraz, dekretu zirriborro honen arazoa populazio gune handienetan agerian gelditzen da. Hirietan dauden euskaldunen kopuruak handiak izanik, euskaldunen portzentaia txikia da (ia-euskaldunak aintzat hartuz egoera dezente aldatuko litzateke). Euskaldun gehien bizi den eremuetan egongo dira kuotarik txikienak (Bilbon, %16; Barakaldon, %12; Getxon, %21; Gasteizen, %15; eta Donostian, %39) eta eskaintza gehienek minimoak bakarrik beteko dituztela aurreikusi daiteke. Euskararen erabileraren sustapenaren ikuspegitik, herren dagoen planteamendua da beraz. Bilbon, adibidez, euskaldun eta ia-euskaldunen kopurua gehituta, ia 155.000 lagun zeuden 2001. urtean. EAEko eskualde bakarrak gainditzen du euskaldunen kopuru hori, baina hala ere Bilboko 155.000 euskaldunek ez dute beste eskualde batzuetako euskaldunek edukiko dituzten aukerak izango euskarazko tokiko telebistak izateko. Programazioaren %16 soilik izan behar da euskarazkoa, eta oraindik ez dakigu gainera leku duina izango duen euskarazko programazio horrek. Desproportzioak nahiko agerikoa dirudi.
Irtenbidea erraza da nire uste apalean: ia-euskaldunak aintzat hartu eta euskara hutsezko telebistentzako erreserbak egin, euskaldun guztiok aukera berdinak izan ditzagun. Eskubide kontua da.
 



Iker Martinez de Lagos
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
idazkaria

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!