Usoko erreka bailaran zehar, ibilaldia antolatu du Mendiriz Mendi elkarteak, otsailean. Hernani ezagutuz ekimenaren barruan izango da. Latxe auzotik ezkerrera dagoen bailaran kokatzen da Usoko erreka, eta Hernani, Donostia eta Errenteriako lurretan dago. Latxen hasi eta amaitzen den ibilbide honetan, erreka honen arro hidrografiko osoa inguratuko dute.
Ola zaharraren arrastoak Bailararen sarreran, erreka alboan, Txirrita bertsolari ezagunaren jaiolekua izan zen baserria dago, bailarara sartu nahi duen edonori ongi etorria eginez. Bertan ere, garai bateko ola zaharraren arrastoak aurkituko ditugu. Arrasto guzti horietatik ondoen kontserbatuta dagoena tximinia da; oraindik tente irauten du. Olan alkohola, ozpina, brea eta egur ikatza ekoizten ziren. Olak funtzionatzeko behar zuen indarra, errota baten bidez lortzen zen eta bertara urak eramaten zituen kanala oraindik ikusi daiteke. Elektrizitaterik gabe, olaren ekoizpena kanal honek eramaten zuen, urarekiko menpekotasun osoa zeukan.
Iraganeko eta etorkizuneko pagadiak
Ibilbide honek Hernaniko kasko urbanoa, Ereñotzu auzoa eta Usoko errekako bailararen ikuspegi bikainak eskaintzen dizkigu. Aginagamendi, Urdaburu eta Igorin bezalako mendiak igotzeko eta bertatik ikusten diren bistez gozatzeko aukera dago, ibilbidetik irten eta metro gutxi batzuk eginez. Horrez gain, ibilbide osoan pagadi ederrak eta estazio megalitiko aberatsak ezagutzeko aukera izango dugu. Azpimarratu behar da bailara hainbat fauna eta flora espezie mehatxaturen bizileku dela.
Azerilepoan eta Pagosardeko atsedenlekuaren inguruan gure arbasoek ikatza lortzeko erabiltzen zituzten pago mugarratu zaharrak ikusteko aukera dago. Pago mugarratu horiek Euskal Herrian, eta bereziki Urumeako bailaran, urteetan zehar basogintzak izan zuen garrantziaren lekuko dira. Pago zahar horiekin batera etorkizunean pagadi bikaina izango den pago gazteen landaketa dago. Gune txikian, inguru hauetako pagadien iragana eta etorkizuna ikusteko aukera bikaina beraz.
Anfibioen iraupenerako lekua
Malmazarko putzua, ezinbestekoa den gune heze txiki bat dugu, Euskal Herriko hainbat espezie anfibioen iraupenerako; adibidez, Uhandre palmatuarentzat. Bere tamaina txikia ikusirik, norbaitek pentsa dezake ez duela inongo funtzio ekologikorik, baina oker dago. Horrelako gune heze eta putzu sare bat berreskuratzeko lan handia egin da, gure inguruko anfibioen superbizipenean laguntzeko derrigorrezkoak direlako. Beraz ongi tratatu beharreko espazio biologikoak dira.
Igoin-Akola estazio megalitikoa
Igoin-Akola estazio megalitikoa Hernani, Astigarraga eta Donostiako lurretan zehar zabaltzen da. Estazio megalitiko honek Hernaniko udalerrian 7 trikuharri ditu. Multzo Monumentalaren kategoriarekin Kalifikaturiko Kultur Ondasun bezala izendatua dago. Hernaniko Sagastietako Lepoa I izeneko trikuharria da ondoen kontserbatuta dagoena.
Akolako baserriko lurretan, Akolako sarobearen erdiko harria zena, oraindik ondo kontserbatzen da. Alkatxuraingo arta-mugarria garai batean inguruan zegoen sarobe baten aztarna da. Egun errepidea eta baserriaren artean aurkitzen den ur-askaren parte da.
Ibilbidearen deskribapena
Latxetik abiatu eta metro batzuk errepidetik egingo ditugu Abilats baserri aldera. Bere albotik igaro eta Txabolategi baserrira igoko gara. Bertara iritsi baino lehen eskuinera geratzen den pista hartu behar da. Beti gora eginez Azerileporaino iritsiko gara. Bertatik Agina mendiko puntara igotzeko aukera dago, gailurra ehun metro eskasera geratzen baita.
Azerilepotik Artegietako gainera hurbildu eta bertan dagoen pista jarraituz, Lizarregiko lepora hurbilduko gara. Hemen Urdaburu iparraldeko magaletik doan pista jarraituz Pagosardeko atsedenlekura iritsiko gara. Indarrak berritzeko leku aproposa. Pistari jarraituz, Angeliturriko iturriaren albotik igaro ondoren Malmazarko putzura igoko gara. Putzutik ekialdera egingo dugu, maldan behera pago artetik, bidezidor batekin topo egin arte. Hori jarraitu eta apur bat aurrerago pista batean bihurtzen da. Pistari jarraituz berehala gara Bentatxuri baserrian.
Baserri albotik pasa ondoren zementuzko pista zeharkatu eta aurrean dagoen pista hartuko dugu. Pista honek Igoringo lepora gerturatuko gaitu. Lepo horretan eki aldera egin behar da eta bidezidorrari jarraituz gainez gain, Akolako lepotik eta Akolatxarako tontorretik igaro ondoren, Saratsetako lepora iritsiko gara. Bertan norabidez aldatu eta mendebaldera, aldapa behera egin behar da pistatik. Horrela Akolako atsedenlekura iritsiko gara. Atsedenlekutik atzera metro batzuk egin ondoren, hiru bidek osatutako bidegurutze bat topatuko dugu. Ezkerrekoa hartu behar da. Bidea aldapa behera jarraituz Alkatxura baserrira iritsiko gara. Hemen Ereñotzura jaisten den zementuzko pista hartu eta aldapa behera metro batzuk egingo ditugu Usoko errekara doan pista topatu arte. Zementuzko pista horretara iristean, segituan, eskuinean, bidezidor bat ikusiko dugu. Bertatik, Latxe auzora iritsiko gara.
Datu interesgarriak
-Distantzia: 12 Km.
-Denbora: 4 ordu.
-Desnibela: 400 m.
-Gailurrik altuena: Arritxietakogaina (370 m); bidetik apur bat desbideraturik ordu erdiko tarte barruan Urdaburu (600 m) gailurra egiteko aukera dago.
-Zailtasuna: zailtasun berezirik gabekoa
-Beharrezko materiala: mendiko ohiko material arrunta.
-Nola iritsi: Goizuetara doan errepidea hartu, Ereñotzu zeharkatu eta 500m aurrerago, Latxe auzoan aparkatu.
Mendiriz Mendik otsailaren 17an egingo du irteera hau.