Mendiriz mendi
Euskal Herriko Done Jakueren Barruko Bidearen etapa guztiak bukatuta, Mendiriz Mendik tradizioz beteriko beste ibilbide bati ekingo dio: arraina eta ardoaren bideari (GR-38). Bermeo, Lekeitio eta Ondarroatik hasten den bidea Errioxako Oion herrian amaitzen da, Bizkaia eta Araba probintziak goitik behera zeharkatu ondoren.
Aurreko ibilbidean egin zen modu berean, arraina eta ardoa ibilbidearen bi etapa egingo dira urtero, bata urtarrilean eta bestea abenduan. Guztira bost urte inguru igaroko ditugu ibilbide osoa egiteko. Zailtasun berezirik gabeko zeharkaldia da eta bai paisaian, bai kulturan aberastasun haundikoa.
Merkataritza bidea
Ardoaren eta arrainaren izenarekin ezagutzen den ibilbide hau antzinako merkataritza bidea da, eta Bizkaiko arrantza portuak eta Arabako Errioxa lotzen zituen. Bide honek duen antzinatasunaren lekuko Arcipreste de Hita-k 1343. urtean idatzitako Libro del buen amor liburuan agertzen den bertsoa ekartzen dugu hona:
Bixugu eta sardinzar,
borrokarako asmoz,
Itsasoa utzita
Bermeotik datoz
Bermeoko kostaldetik Oiongo mahasti lurraldeetaraino, GR-38ak Euskal Herriko mendebaldeko lurrak iparraldetik hegoaldera, edota alderantziz, zeharkatzeko aukera ematen du. Era askotako paisaia liluragarriak gurutzatzen ditu. Ibilbide osoan zehar, gainera, gure arbasoen historia ezagutzeko aukera dago. Mandazainak Bermeoko, Ondarroako eta Lekeitioko portuetatik abiatzen ziren, mandoak arrain freskoz eta gatzetan jarritako arrainez zamatuak. Itzultzerakoan, berriz, gurdietan garia, ozpina eta ardoa ekartzen zuten.
Antzinako merkatal bide honek garai bateko ospea berreskuratu du gure mende honetako ibiltari berriei esker. Guztira 166 kilometroko ibilbidea da. Bermeotik abiatu eta hegoalderantz doa, Gernika eta Durango herriak zeharkatuta. Urkiolako santutegitik pasa eta Otxandiora jaisten da. Bizkaia atzean utzita, Arabako lurretan sarturik, bidea Legutio, Mendibil, Estibalitz, Okina, Albaita eta Lagran herriak zeharkatu ondoren, Toloño mendia igaroz, Biasteri eta Oiongo mahasti zabaletan bukatzen da.
GR-38a tradizioz beteriko bide zahar horretatik doa, igarotzen ditugun lekuetako ondare naturala, eta kulturala eta etnografikoa ezagutzeko aukera eskaintzen du. Urdaibai itsasadarra, Durango aldeko mendiak, Arabako lautada, Toloño mendilerroko beheko magalak… Ibilbideak era askotako paisaiak zeharkatzen ditu, denak bisitariak liluratzeko modukoak.
Hasiera, Bermeoko portuan
Bermeoko portu sarreratik hasi eta hego aldera egin behar da Askatasuna Bidea kaletik. Bigarren bidegurutzean ezkerrera egin eta, eskuineko aldapa alde batera utziz, ezkerretik doan errepidea, BI-4902a, hartu behar da. Bidearen hasierako tarte hau errepidetik egiten da, Artigas errekari jarraituz, baserri eta lantegien artean. Kilometro pare bat egin ondoren ezkerrera egin eta San Bartolome auzo aldera egin behar da. Zementuzko aldapa gogor eta luze bat igo behar da, eukaliptoen usainpean. Montemoro baserrira iristerakoan aldapa leundu egiten da eta horrela jarraitzen du Ezkiagoikoa baserriraino.
Zementuzko pistatik kilometro pare bat igoko ditugu, gure ezkerrera Urdaibaiko padura gaineko ikuspegiak ditugula. Atxirikaurre baserrira iristerakoan zementuzko pistak behera egiten du. Berehala asfaltatutako bidean bihurtzen da eta Iturbe baserri albotik igarotzen da. Apur bat aurrerago, bidea utzi eta eskuinera egin behar da, legarrezko pista bat hartuta. Pista hau ere berehala, metro batzuk aurrerago, utzi egin behar da eta ezkerrean dagoen bidezidorra hartu. Otez nahiko jantzia dagoen bidezidor honek pinuen artean Arlabingoikoa baserriraino jaisten gaitu. Baserri honetatik BI-3123 errepidera aterako gara. Errepideari ehun metro eskasean jarraitu eta Altamira auzoaren aurrean garela, eskuinera egin behar da.
Segidan, aldapa gogorreko pista batetik egin behar da gora. Zati batean aldapa leuntzen bada ere, azkeneko zatian berriro ere gogortu egiten da. Bideari jarraituz, Artolame baserrira iritsiko gara. Hemen asfaltatuta dagoen auzo-bide batekin egingo dugu topo eta bera jarraitu behar da Urtxurrina baserrira iritsi arte. Bertan asfaltatutako bidea utzi eta ezkerrean dagoen bidezidor batetik jaitsi behar da. Bidea bailarara iristen denean pista bihurtzen da.
Urkiola errekari jarraituz harrobi baten albotik igaro ondoren, Urberuaga auzora iritsiko gara. Ongi markatutako bideari jarraituz, San Kristobal baseliza albotik igaro ondoren, Gernikara jaitsiko gara. Gernika zeharkatu eta herri irteeran, trenbidearen gainetik eta saihesbide azpitik igarota, Arabieta poligono industrialdera jo behar da. Bertan Ajangiz aldera doan errepidea jarraitu eta Argana auzo txiki baina ederrera igo behar da. Urberuagatik hona ibilbidea erosoa egiten da.
Argana zeharkatu eta pistari jarraitu behar zaio, pinuen artean, bidegurutze batera, iritsi arte; bertan eskubira hartu behar da. Azken zati honek asfaltatutako pista batera eramango gaitu. Pista berrehun metro eskasean jarraitu eta eskuinera egin behar da, Kalbario mendira. Kalbario mendiaren gailurrean gurutze bat eta eserleku bat aurkituko ditugu. Bertatik Gernika eta Urdaibai gune babestu aldera dauden bistak zoragarriak dira. Hemendik gutxi geratzen zaigu. Aldapa motz bat jaitsi eta berehala gara Mendatako Elejalde auzoan, gure ibilbidearen bukaeran.
DATU INTERESGARRIAK:
Distantzia: 26 Km.
Denbora: 6-7 ordu.
Desnibela: 900 m.
Gailurrik altuena:
Aratz (1.443 m).
Zailtasuna: Zailtasun
berezirik gabekoa. Hori bai, ibilbide luzea denez, egoera fisiko onean egon behar da, bestela oso neketsua egiten baita.
Beharrezko materiala:
mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik
urtarrilaren 22an
egingo du irteera hau.