Otsaileko azken astean eta joan den astean, Urteberri on amona pelikularen grabaketa lanetan aritu ziren Hernanin. Hain zuzen, Zaharren Egoitzako eraikin berrian aritu ziren grabatzen eta egoitzako zenbait langile ere aktore lanetan jarri zituzten, estra bezala.
Urteberri on amona Telmo Esnalek zuzendutako pelikula da. Gidoia, Asier Altunak eta biek idatzi dute, hau da, Aupa Etxebeste (2005) pelikula arrakastatsuaren egileek.
Grabaketa lanak, batez ere, Donostian egiten ari dira, baina Euskal Herriko beste herri batzutan ere ari dira, Hernanin bezala, Nafarroan esaterako. Otsailaren azken astean hasi ziren grabatzen eta zazpi astez ariko dira. Azken eszenatokiak Benidormen kokatuko dira eta bertan grabatutako hainbat zati izan ezik, euskerazko filma izango da. Abuztua ingururako bukatua egotea espero dute eta Gabonetarako estreinatzea.
«Umorez kontatutako
istorio gogorra»
80 urte luze dituen amona Mari da protagonista. Montserrat Carulla aktore katalanak interpretatuko du pertsonaia. Alzheimerra du, baina dirudienez bera da familiako azkarrena. Gaixotasunaren inguruan gertatzen dena isladatzen du pelikulak, hain zuzen, gaixoaren zaintza eta eguneroko bizitza. Kontxu Odriozola eta Pedro Otaegi aktoreak haren alaba Maritxu eta bere senarra Joxemariren paperean ariko dira. Joxemarik, amona Mari Zaharren Egoitzan uzteko erabakia hartuko du, inori ezer esan gabe, eta Benidormera joango dira oporretara.
Irusoinek, filmaren ekoiztetxeak, komedia beltza dela dio, «umorez kontatutako istorio gogorra».