Done Jakue bidea, Gasteizetik Burgetara

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 7a, 01:00

MENDIRIZ MENDI

Mendiriz Mendik Done Jakue (Santiago) bideko bedera­tzigarren etapa egitea proposatu du hilabete honetarako, Gas­teizetik Bur­getara dijoana. Gas­tei­zetik abiatuta, puntu interesgarri ugari ikusiko dituzte bidean.

Puntu interesgarri ugari
Kontuan izan behar da Gasteizek herri forua Antso Jakitunaren eskutik jaso zuela 1181an. Bi mendez Nafarroako erresumaren parte izan zen, 1200. urteko urtarrilaren lehenengo egunetan Alfontso VIII.ak konkistatu zuen arte. 

Done Jakue bidea gogorarazten duten tenpluak ugari dira gaur egun Gasteizen. Lehen asko ziren erromesentzako aterpetxeak eta ospitaleak. Bidearen antzinatasuna erakusten duen erromesen ospitale horietako batek, Santa Maria del Cabello izenekoak, 1507an su hartu zuela diote kronikek. Gasteizek hazkunde garrantzi­tsua izan zuen XVI. mendean. Hiri artisau eta merkatariaren garai gorenak dira horiek, eta Done Jakue bideak eta erromesek hazkunde ekonomiko horretan ere izan zuten bere garrantzia.

Eraikin garrantzitsuenetako gehienak Hirigune Zaha­rrean daude, hala nola: Santa Maria katedrala, Portalea, Arkeologia Museoa den Eskorzitza-Eskibel Jauregia, Oxanda Andrea dorrea eta Kordoi Etxea.

Gasteiz atzean utzi ondoren, Armentiara iristen ziren erromesak. Armentia erromatarren garaiko herrixka da. XIgarren mendetik aurrera Kalagorriko Apez­pìkuaren egoitza izan zen San Prudentzio basilika eraiki zuten bertan. Tenplu hori, Done Jakue bideko erromatar estiloko eraikin ederrenetariko bat da.

Argantzun garrantzia es­trategiko handiko bidegurutzea izan zen. Bere antzinatasunaren lekuko, hiribildu-forua 1191n lortu zuela aipatu behar da. Nuestra Señora de la Asunción eliza gotikoa herriko erakusgarri ederrenetakoa da. Bertan hainbat arte-obra garrantzitsu bil­tzen dira, horien artean: aldare nagusiko erretaula platereskoa, bere portada dotorea, koroa eta Gordejuelatarren hilobia.  Argantzuneko eraikin zibilen artean Gordejuela jauregia na­barmentzen da. Herritik kanpo aldiz, zubia eta ospitalea ditugu. Ospitaleak 1950era arte iraun zuen, Alkatearen eta herriko apaizaren lanari esker. Zubiari dagokionez, ezinbesteko pasabidea zen Argantzun eta Erri­berako lurrak komunikatzeko.

Ibilbidearen deskripzioa
Mendizorrotzako kirolgunetik irten eta Armentia aldera egingo dugu, San Prudentzio hiribideari jarraituta. Bidea San Pru­dentzio basilikaren albotik igarotzen da. Animaliak babesteko zentro baten eta tiro-eremu baten albotik pasatu ondoren N-1 errepidearekin bat egingo dugu. Bazterbidetik jarraituko dugu Gometxara iritsi arte. Au­rrerago Ariñez eta Zumeltzu lotzen dituen errepidea aurkituko dugu. Errepidea zeharkatu eta aurrera jarraituta Subirana herrira iritsiko gara. Ondoren Simon de Andaren jauregiaren eta iturri-aska baten aurretik pasako gara. Bideak hego-ekialdeko norabidean egiten du gora, linea elektriko baten ondoan. Ondoren, ezkerretik (hegoaldetik) jarraitzen du eta, erkame­tzen artean, bidexka eder batetik gora eginda San Migel mendixkara iritsiko gara. Ezkerreko bidezidorrak San Migelera eramaten du. Bidea artadu batean doa, eta bertatik Arabako lautadaren eta Trebiñoren bista zoragarriak ikusi ahal izango ditugu.

La Tejera izeneko basoko soilgune batera iritsiko gara. Ezkerretara hartuko dugu eta, San Pedro elizaren albotik pasatu ondoren, trafiko urriko errepidea hartuko dugu mendebalderantz. Berehala Nues­tra Señora de la Asunción eliza-gotorlekuaren eta San Joan Ebanjelaria ospitale zaharraren albotik pasako gara. Herritik irten eta hegoaldera jarraituko dugu  eta N-1arekin paraleloan doan pista jarraituta, segituan iritsiko gara ibilbidearen amaiera.

Datu interesgarriak

-Distantzia: 18 Km.
-Denbora: 6-7 ordu.
-Zailtasuna: Zailtasuna berezirik gabekoa.
-Beharrezko materiala: mendiko materia arrunta.
-Mendiriz Mendik abenduaren 19an egingo du irteera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!