Kontrasta, Araba eta Nafarroako zubia

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 9a, 02:00

Kontrasta herria zubi bat da, Arana Bailara eta Nafarroako Ameskoa eskualdeen artean, Arabako ekialdeko mugaldean. Neka­zaritza eta abeltzaintza dira jarduera ekonomiko nagusiak eta, nahiz eta euskara aspaldian galdua izan, euskal landa eremuko izpiritua gordetzen da Arabako beste inon ez bezala. Herria gotikoa da eta 828 metroko garaiera duen muino baten gainean dago, ingurune guztia menperatzen duela. Erdi Aroan Kontrastak Na­farroako Erreinuarekin muga egiten zuen. Muinotik alde batera gertu duen Nafarroako Ameskoa bailara guztia menperatzen zuen. Beste aldera, Nafarroa eta Gaztelako erreinuak Kantauri itsasoarekin lo­tzen zituen errepideko bidegurutzean zegoen. Guzti horrek garrantzi estrategiko haundia eman zion. Hortaz jabetuta, Gaztelako Alfonso X Jakituna erregeak burgo (hiri) izateko eskubideak eman zizkion 1256ko urriaren 12an. Gasteiz hiri-burgoaren neurriko foruak jaso zituen, eta herriko biztanleak zergak ordaintzetik libre geratu ziren. Gerra karlistetan herriak kalteak jaso zituen frantziarren tropek eraginda. Hala ere Asunción parrokiak (XV-XVI), salbu iraun zuen. Seguruenik bere eliza-gotorleku izaerak lagunduko zion horretan. Do­rre nagusian, gezi-leiho itsuak dituenean, igartzen dira oraindik ere, almenen zuloak. He­rriko eraikin ezagunenak dira eliza-gotorleku hori, eta bere Erdi Aroko dorre azpian dagoen herriko atea. Bestalde herriaren hego-ekialdean Elizmendi baseliza erromanikoa dago. Bitxikeri bezala, esan, baseliza eraikitzeko erromatarren hilerri bateko harriak erabili zirela. Ibilbidean Santa Teodosia baseliza ezagutzeko aukera izango dugu. Baseliza hau oso gune erakargarrian dago, baso zoragarriz inguratuta. San Vicente de Arana herria da elizaren jabea; bere artxiboetan baselizaren lehen aipamena 1352ko apirilaren 10ekoa da. Baseliza honetara gerriko min edo erreuma duen jendea joaten da, bertako amabirjinak gaixotasun horiek sendatzen laguntzen duelakoan. Duela gutxi arte ermitaño bat (baseliza zaintzen zuen pertsona bat) izaten zuen. Ermitaren alboan daude, XVI. mendeko kruzero bat eta zuhaitz berezi bezala babesturiko lizar bat. Li­za­rra­ren adina ez da ezagutzen, baina bere antzinatasunaren adierazle garbia da bere ia bi metroko diametroa. Izugarriak dira ibilbide osoko aberastasun ekologikoa, botanikoa zein faunistikoa... eta paisaiarena. Erkametzak (Quer­cus faginea) dira nagusi; batez ere, Kontrastako inguruetan zuhaitz ikusgarriak aurkituko ditugu. Eremu lehorragoetan arteak ere azaltzen dira. Toki ospel eta hezeetan, berriz, baso nahasi ederra: astigar, lizar, hurritz eta pagoz osatua. Fauna ere oso aberatsa da. Muxarra, katajineta, basurdea eta basakatua dira inguru hauetako ugaztun aipagarrienak. Azken bitxikeri bezala, esan, ibilbidea Arabako herri garaienean, Onraitan (962 m), amaitzen dela.

Ibilbidearen deskripzioa
Ibilaldia herria zeharkatuz ha­siko dugu, ipar-mendebaldera. Parez pare dugun San Kris­tobal mendiaren eskubi aldetik dijoan bideari jarraituko dio­gu. Apur bat aurrerago, aska bat pasa ondoren, gora dijoan gurdi bideari helduko diogu, eta basoaren sarreran dagoen bidegurutzea topatzerakoan eskubiko bidea hartu behar da. Hasieran bidea garbi ikusten da, baina gero ez hainbeste. Beraz, adi joan behar da dauden harri pilei jarraituz. Aurrerago, bideak hego-mendebaldera jotzen du, norabidez aldatuta. Bideari jarraituta, an­tena bat ezkerrean utzita, gailurrera iritsiko gara. San Kristobal gailurra (1.147 m) pagadi zoragarri ba­tean dago. Ipar aldera, malda txikiko magalak daude, eta pa­gadiak bistak oztopatzen ditu. Hegoaldera berriz, jauzi haundia du eta ertzetik Mu­rube, Ar­naba, Cruz de Alda, La población, Joar, La plana, Costalera, Peña Alta, San Tirso, Arana bailara eta abar ikusten dira. Bideari jarraituta, mendebaldera egingo dugu, Puerto Nuevo arte. Ibilbidearen zati hau beheraka egingo dugu, eta pagadi eder baten barruan egiten da. Pista bat zeharkatu ondoren bideak norabidez aldatzen du berriro, eta hego-mendebaldera egiten du. Kapitate (1.121 m) eta Txandi (1.151 m) gailurretik igaroko gara, eta Santa Teodosiako baseliza eta zelaietara jaitsiko gara (1.046 m). Inguru hau hamaiketakoa egiteko leku aproposa da, mahaiak, erretegiak eta iturria baititu. Hemendik ipar-mendebalderantz egingo dugu. Base­liza­ren ondoko zelaiak atzean utzi, eta berriro pagadian sartuko gara. Behera emeki dijoan bideari jarraituta, basotik ateratzean, larre eta soroen artetik, Errotegi herrira (957 m) iritsiko gara. Herri sarreran, iturria aurkituko dugu, egarria asetzeko. Herriko irteeran Onraitara doan errepidetik hamar minutu egin ondoren, ezkerrera, mendebaldera biratu, eta Igoroin arroilean sartuko gara. Ur jauziak eta erreka inguruan ditugula, ametz-baso batean barrena, 150 metroko desnibela jaitsiko dugu. Arroilan tarte bat egin ondoren, iparralderantz jira eta Onraita herrira (962 m), igoko gara, ibilbidearen amaierara.

Datu interesgarriak

Non: Kontrasta - Araba.
Nola iritsi: Errepidez (N-1) Agurain herrira hurbildu. Bertan Opakua mendatera eramaten duen errepidea hartu (A-2128) eta Kontrastaraino jarraitu.
Distantzia: 16 km.
Denbora: 6-7 ordu.
Desnibela: 690 m gora; 420 m behera.
Gailurrik altuena: 
San Kristobal (1.147 m).
Zailtasuna: Erraza, zailtasun berezirik gabekoa.
Materiala: Mendiko material arrunta.
Noiz: urriak 17, igandea.
Informazio gehiago: Mendiriz Mendiko bulegoetan (Iturregi plaza), ostegun eta ostiraletan, 20:00-21:00

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!