Aloña, Aizkorriren senide txikia

Kronika - Erredakzioa 2010ko ira. 18a, 02:00

Mendiriz mendi
Aloña mendilerroa Urtea­gain auzotik hasi eta Bioz­kornako leporaino doa. Aiz­korri mendilerroaren jarraipena da. Bere gailurrak ez dira 1.500 metroraino iristen eta, hori dela eta, Aizkorri aldeko gailurrak baino ezezagunagoak dira hemen aurkituko ditugunak. Hala ere, inguru hauek zoragarriak dira eta merezi du noizbehinka bisitatxo bat egitea.
Gorgomendi da mendilerroko gailur ezagunena. Alo­ña edo Aloñamendi izenarekin ere ezagutzen da. Oñatitik zuzen jota, 1.000 metro inguruko desnibela dago gailurreraino. Bertatik Oñatiko herria eta bailara osoa ikusten dira.
Inguru horietan larreak eta soroak nagusi dira. Bertan ardi eta behi ugari ibiltzen da udara partean. Neguan ordea, elurtua dagoenean, inguruko mendizaleek mendiko eskia egiteko erabiltzen dituzte, Alo­­ñaren hego aldeko azken maldak. Azken 300 metroak soroa izanik ez da elur asko behar maldan bera eskiekin irristaka ibiltzeko. Bada gailurrera gauez hurbiltzen denik  ere, ilargi betea dagoenean. Horrelakoetan goi-soro horiek jasotzen duten argitasun bereziarekin, mendian ibiltzea oso esperientzia bitxia izaten da.
Horrez gain, inguruotan  borda eta aterpe pribatu asko dago, Arantzazutik bertara hurbiltzeko hormigoizko pis­ta ezin hobeak baitaude. Ere­mu hau parke naturala izanik, agian, horrelako pistak ez lirateke baimendu behar, mendia urbanizatu egiten baitute eta inguruak bere xarma galtzen baitu.
Biozkorna lepoan, bada harri bitxi bat, Amabirjinaren eserlekua bezala ezagutzen dena.

Ibilbidearen deskripzioa
Aparkalekuaren ezkerrean dagoen zementuzko pista utzi eta harrizko bidea hartu. Ha­sie­ran, soroen artean, gogor egi­ten du gora.  Ur-biltegi eta txabola baten albotik igaro ondoren, pinudi batean sartuko gara. Bidegurutze batekin topo egitean, eskubira hartu. Pista batera eramango gaitu bideak. Ingu­ruan harrizko txabola batzuk aurkituko ditugu. Bideak aler­tzeen artean jarraitzen du eta emeki egiten du gora.
Basotik atera eta berehala bidegurutze bat aurkituko dugu. Pista utzi eta ezkerretik, hego-ekialdetik, ateratzen den bidezidorra hartu. Bidea soroan dagoen hesi baten alboan dijoa. Malda gogorra da, baina Araotz bailara aldera ikusten den paisai zoragarriak igoera apur bat leuntzen du. Igotzen hasi eta ordu laurden batera, gutxi gorabehera, bide zabal bat topatuko dugu. Horri jarraitu. Bide horretatik ibiltzea plazer hutsa da. Belar geruza fin batez estalia dago eta emeki egiten du gora.  Bi­deak Aloña mendilerroaren hego partera eramango gaitu.
Belauko (922 m) gailurra aurrean dugu. Bertara igo eta Oñatiko bista paregabea dugu gure behealdean. Gailurraren inguruetan hainbat txabola eta aterpe pribatu daude. Jende ugari ibiltzen da horietan Arantzazutik erraz igo­tzen baita pistaz.
Bideari jarraitu eta antena dagoen aldera egin behar da. Amildegitik babesten duen harrizko hesia dugu lagun, tarte horretan. Hogei bat mi­nutu txabola eta langa artean ibili ondoren, azken malda igotzea geratzen zaigu. Ia 300 metroko desnibela du eta lasai hartu behar da. Aloñako gailurrean (1.248 m) antena txiki bat dago eta bere mantenurako bertaraino pista bat iristen da. Belarrezko gailurra da eta bertan aurkituko ditugu, gu­tunontzia eta 1901. urtean ipinitako burdinazko gurutze erraldoi bat. Hegoaldean, urrun, Pico de Urbion ikusi daiteke; mendebaldean Uda­laitz, Anbo­to, eta Gorbeia. Iparraldera Gi­puz­koa eta Bizkaiko kostalde guztia ikusteko aukera. Au­rrean Izarraitz eta Ernio.
Hemendik aurrera soroa desagertu eta ingurunea ha­rritsu bihurtzen da. Aurrera, Butreaitz aldera, amildegia gure ezkerrean dugula, jarraitu behar da. Bidean Kurtzezar (1.287 m) gailur harritsutik pasatuko gara. Butreaitzera joateko hegitik edo krestatik joan daiteke (marka zuri-horiei jarraituta), baina errazagoa da apur bat jaitsi eta gero berriz gora egitea.
Butreaitz (1.321 m) Aloña mendilerroko gailurrik ga­raiena da. Bere izenak dioen bezala, inguru horietan putre ugari ibiltzen da. Gehienek bere babestokia Araotzeko horma zaharretan izaten dute, baina hemen aurkitzen ohi dute janaria. Gailurretik Hai­tza­rrateko lepora jaitsi behar da, gero hortik Arkaitz (1.315 m) gailurrera igotzeko. Azken gailur hori ipar-ekialdetik igo­tzen da, soro gehien duen aldetik, leku errazena baita.  Aldapa gogorra da, baina motza denez berehala egiten da.
Krestari jarraituko diogu, gure helburua Artzanburu delako. Bidean Errikoaitz (1.276 m) eta Arriurdin gailurretatik igaroko gara. Azken honetatik Biozkorna lepora jaitsi behar da. Lepo honetan Urbiatik eta Brinkolatik datozen bideak elkartzen dira. Alde batera edo bestera jaisteko aukerak ondo markatuta daude. Guk apur bat aurrera egingo dugu Artzan­buru (1.368 m) gailurreraino. Kontuz! Marka zuri eta horiak ez dijoaz gailurrera. Igoera erdi aldera markak utzi eta zuzen igo behar da gailurrera iristeko.
Artzanburutik atzera egin, eta Biozkorna lepotik igaro ondoren Urbiako Andra Ma­rira jaitsiko gara. Bertako fondan mokadu bat hartzeko aukera ederra dugu. Hala ere, ibilbidea motza iruditzen zaionari irtenaldia luza dezake Aizkorri mendilerroko 1.500 metrotik gorako lehen gailurreraino, Arbelaitze­rai­no, jarraituta.
Indarrak berreskuratu eta gero, bidearen azken zatiari ekin behar zaio. Fondatik atera eta apur bat igo ondoren, Elorrako lepora iritsiko gara. Hortik aurrera dena maldan behera da. Ordu erdi eskasean Arantzazun gara.

DATU INTERESGARRIAK:

Non: Oñati - Gipuzkoa.
Nola iritsi: Errepidez Oñatira eta han Arantzazura dijoan
GI-3591 errepidea hartu. Urteagain auzoko Urteagain jatetxearen aparkalekuan kotxea utzi, Oñatitik 3 km-ra.
Distantzia: 15 km.
Denbora: 6-7 ordu.
Desnibela: 850 m gora.
Gailurrik altuena: 
Artzanburu (1.368 m).
Zailtasuna: Erraza, zailtasuna berezirik gabekoa.
Materiala: Mendiko material arrunta.
Noiz: irailak 26, igandea.
Informazio gehiago: Mendiriz Mendiko bulegoetan (Iturregi plaza), ostegun eta ostiraletan, 20:00-21:00

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!