Juan Arana Mikelete eta estratega hernaniarra

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 14a, 01:00

Irun, 1874ko urriaren 16a: ´Espai­n­ia­ko Behobia jadanik ez da existitzen` dio Donostiako egunkari batera gerra korrespontsalak bidalitako kronikak. Egun batzuk lehenago liberalen eta karlisten arteko borrokaldi latz batek txikituta utzi zituen Azken-Portu barrioko etxeak eta inguruko bost baserri ere suaren bazka izan ziren. Antza, Behobiako plaza-fuertean setiaturik zeuden hogeita hamar bat mikelete babesetik atera eta baionetak eskuan zituztela ordura arte jo eta ke zebiltzan karlistak ikaratuta bidali omen zituzten Behobiatik. Azaña hura bolbora bezala barreiatu zen liberalen artean. Baina zeini okurritu zitzaion eraso kamikaze hori egitea? Juan Arana zen plaza-fuerte hartako gobernadore militarra, berak eutsi zion tinko Behobiako defentsari. Arana hernaniarra zen jatorriz eta 1849an sartu zen mikeleteetan. Mi­keleteak 1839an sortu ziren, baina lehenagotik ere bazeuden Gipuzkoan milizia foralak, batez ere bidelapurrei aurre egiteko. Mikeleteek gerra karlistetan eta Gerra Zibilean zuzenean hartu zuten parte eta haien inguruko kontakizun beliko ugari geratu zaizkigu. Besteak beste, karlisten kontra egiteagatik nabarmendu ziren. Bigarren Gerra Karlista baino lehen karlista taldeak behin eta berriz joan ziren ´mendira` armak hartuta eta Juan Aranak gogor egin zien talde horiei. 1870ean adibidez, 43 mikeleteren buru jarri eta Oiar­tzu­nen 600 karlistaz osatutako al­txaldia za­puz­teko gai izan zela esaten dute. Ho­rregatik teniente koronelaren gradua eman zioten. Seguran, Mañarian, Arao­zen, Izaskunen... toki guztietan zuten karlistek gure mikeletearen berri. Ge­rra hasi zenean Tolosan egon zen, herri ho­rretako defentsa antola­tzen, eta 1874an Irunera bidali zuten, hango gobernadore militar izendatuta. Irunen lortu zuen Aranak bere bizitzako osperik handiena. Irun ez baitzen nolanahiko plaza; mugako hiri garrantzitsuena zen eta estrategikoki karlistak derrigortuta zeuden hura eskuratzera gerra irabazi nahi bazuten.

Karro blindatuak eta guzti
Karlistek beren menpe zituzten Euskal Herriko txokorik gehienak (Lizarra eta Tolosa ere bereganatu zituzten) baina hiriburuak liberalen esku jarraitzen zuten. 1874an hainbat hiri bereganatzen saiatu ziren: Bilbo, Hernani, Do­nostia... baina guztietan porrota jasan zuten. Egoera gero eta larriagoa zen karlisten­tzat eta testuinguru horretan, azkeneko kolpea eman nahian-edo, Irun blokeatu zuten hainbat hilabetez, mugako zubia bereganatzeko, baina hernaniar burugogor batekin egin zuten topo. Arana teniente koronelak ondo antolatuta zuen defen­tsa: mugako zubia babesteko horma sendo bat eraiki arazi zuen eta hainbat mikelete eta karabinero jarri zituen hura defendi­tzen. Kar­lis­ten eraso gogorrena urriaren 11n hasi zen. Gerra modernoaren itxura izan zuen eraso horrek, karro blindatu moduko bat eraiki baitzuten, baita ´lanzallamas` bat ere, plaza-fuertea petrolioz igurtzi eta goitik behera kixkaltzeko. Mugaren bestaldean ugari ziren ikuskizun hura begiratzera joandako karlista exiliatuak edo ojalateroak (´Ojala gure alderdiak irabaziko balu!` esaten zutelako deitzen zieten horrela). Behobiako mikeleteak segituan konturatu ziren gurdi horren hanketara tira ezkero ez zuela aurrera egiterik; baina zubiko mikeleteak gero eta estuago zebiltzan eta Irundik gabarra bat bidali zuten Bidasoan zehar bere lagunei munizioa eramateko, gabarra horrek frantsesen esku bukatu zuen ordea, eta bertako tripulatzaileak atxilotuak izan ziren. Frantsesek esan zuten Bidasoak zona ´neutrala` izan behar zuela eta horregatik jokatu zutela horrela. Beraz, zubiko mikeleteek be­ren burua karlisten bi batailoien suaren erdian harrapatuta ikusi zuten muniziorik gabe. Erabaki sendo bat hartu beharra zegoen edo zubi estrategikoa galdurik zegoen liberalentzat. Eta horretan zirela, hor ager­tzen dira San Martzialgo bidetik arrapaladan eta ziztu bizian hogeita hamar mikelete ezpatak baionetan sartuta eta zubirantz korrika tirorik bota gabe. Ez dakigu zer pentsatu zuten karlistek baina panikoa nagusitu zen haien artean eta hanka egin zuten beraien asmakizuna han utzita. ´Hara joandako ehunka ojaleteroak berriketa ederrean zebiltzan hasieran, baina negarrez alde egin dute ikusita 30 mikeletek karlisten batailoi osoa desalojatu dutela` zioen prentsa liberalak pozik; jakina, mikelete haien ekintza prentsa liberalak erruz haunditu zuen. Batzuen eta besteen artean baja dezente izan zen Behobian: baionetaz zortzi lagun hil zituzten karreran joandako mikeleteek eta guztira 24 karlista hilik eta 60 zaurituta gertatu ziren; zubiko postuan, berriz, lau mikelete hil eta beste hamar zauritu zituzten karlistek. Esaten da, zurrumurruek diote, 1.000 karlista inguru uxatu zituztela Azken-Portuko etxeetatik. Borrokaldia gertatu ondoren, ilunabarrean, Arana teniente-koronela zaldiz atera zen Irundik Behobiara, bere soldaduak zoriontzeko asmoz. Antza, inguruko mendietara erretiratu ziren karlistek arrain lodia ezagutu eta tiroka hasi ziren, berarekin zihoan eskolta hil eta korneta jotzailea zaurituz. Baina Aranak ez omen zuen atzera egin eta Behobian izan ondoren errepide beretik itzuli zen Irunera: ´Lasaitasun eta odol hotz horiekin beste erakustaldi bat emanez`, orduko kronistaren arabera. Hurrengo egunetan 300 mikelete gehiago iritsi ziren Irunera eta mugako plaza garrantzitsua, gerra bukatu artean salbu geratu zen liberalentzat. Geroztik Irunen festa haundia ospatu izan zen 1874ko setioa gogoratzeko, eta Juan Arana mikelete hernaniarra izaten zen gonbidatu nagusia; 220 la­guneko banketea berak presiditzen zu­en. Dirudienez Arana Irunen geratu zen bi­zitzen 1892an hil zen arte eta hango al­ka­te ere izan zen; gaur egun bere izena da­raman kale bat dago herri horretan. Bes­te askotan bezala, buruzagiaren oroi­me­­na bizirik geratu da, bere ondoan bo­rro­katu zuten hamaika mikeleterena ez be­zala: kalkulatzen da Bigarren Gerra Kar­listan parte hartu zuten bost mikeletetik batek heriotza aurkitu zuela borrokan ari zela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!