Bakoitza bere neurrian, ohiko poz eta penetara itzuli gara. Bizi berriak ditugun jaien oihartzunak erabat desagertu baino lehen eta bezperetako berotze lanetan ari ginela, Udalak, herritarren iritzia ezagutzearen alde, luzatutako gonbidapenaren arrimura, hitz pare bat plazaratu nahi nituzke eguberrietako iluminazioari buruz.
Labur esateko, nire iritzia, dosi txikietan besterik ez bada ere, laizismo bidetik doa. Hernaniko udal etxea elizari atxikita jaio zen. Arkitektura irudi hori, zenbait herritar (eta politikoen) mentalidadean gertatzen den antzekotasun bat bezela ikus genezake.
Jakina, historia aurrera doa eta bere aurrerabide neketsuan ez litzaioke batere gaizki etorriko gobernu talde ezkertiar baten laguntza. Duela 50 urte hernaniar asko biltzen zituen parrokiko pulpitotik aldarrikatzen ziren bai emakumeen gonen luzaera bai gazte jendeok ikusiko genituen filmak. Gaur egun, ordea, inor gutxi harritzen da parrokiak bere meza ordutegiak Hernaniko Kronika-ren orrialdeen bitartez jakin arazten dituela ikusterakoan.
Nire ustez, eta esango nuke, hernaniar gizarte gehiengoarentzat, katoliko asko barne, eguberriak aspalditxo erantzi zituen erlijio jai itxura ematen zioten jantziak, kontsumismoaren apologia besarkatzeko. Noski, aldaketa hori bideratu ahal izateko, komunikabideek zabaldutako publizitate eraso erraldoiak bere fruitua eman dezan, eszenategi publiko aproposa beharrezkoa da, beraz, herria girotu behar da denok dakizkigun argi, abesti, ikono eta gainontzeko parafernaliarekin.
Eta...noren kontura eszenografi horrek sortzen dituen gastoak? Galdera berri batekin emango diot hasiera aurreko galderaren erantzunari: nortzuk proposatu dute, edo eskatu dute, edo exijitu dute herriko argiztapen sareaz aparte argiztapen berezi bat eguberrirako?. Nahi, proposamen, eskaera edo exijentzi horren jatorria arlo pribatua baldin bada, nire iritziz, ekimenaren promotoreei dagokie finantziaketa, eta ez herriari. Alderantziz, sustatzailea Udala balitz, bada burutazioa denon kontura! (nire ezadostasun txiki eta xumearekin, bederen).
Ez dakit, bi kasu horien artean, non kokatzen den 2008. edizioko erabakia. Suposatzen det, eta oker banabil eskertuko nuke norbaitek okerretik aterako banindu, Udalaren erabakia izan zela Hernaniko merkataritzari laguntzeko intenzioz. Dakidana zera da: bolada baterako krisia soinean daramagunean, neurriak dakarren energi despilfarroa ahaztu gabe, interes pribatu eta publikoaren tarteko marra zorroztasunez zaintzea dagokion Udalari, 43.000 euro kosta zaiola Olentzero, Errege eta konpainiak zekarkieten gose atzeratua asetzea.
Ezaguna dugu gure herriko merkataritza ez dagoela bere momenturik onenean. Baditut lagun eta senideak, mostradorearen beste aldetik beren egoera kezkatia azaltzen dutenak. Bertako komertzioa indartzearen alde nago. Agian erakunde publikoen bultzada beharko lukete. Azken finean orokorki herritarren mesederako izango baita. Ez nolanahi ordea. Azterketa eta eztabaida baten ondorio bezala, lehentasunak errespetatuz, diru publikoen osasunaren arabera..., hitz batean, herriak onartutako politika barruan, jaso dezatela dendariek ere dagokien Udal laguntza.
Ez ordea, itzalean lozorro kontserbatzen diren ohituren eraginpean edo multinazionalen irabaziak gizentzera eta despilfarrora daraman kontsumismo basatiarekin nahasirik.
Argi kontuetan ere, argitasuna komeni.
Luis Gorrotxategi Zigaran.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!