Garapen hitzaren atzean, modan dauden beste hainbat hitzekin gertatzen den moduan, bada erabilpen maltzur bat. Egungo jendartean garapena dogma bat da, zalantzan jartzerik ez dagoen guzti bat; etorri bezala hartu beharreko erlijio bat.
Baina honen atzean proiektu ekonomiko, politiko, sozial eta kultural zehatz bat dago. Garaiko agintari zein jauntxoen interesen tamainako zapata da, funtsean ekonomia hau pertsonen esplotazioan oinarritzen da, mugarik ez du ezagutzen, hori bai dirudunei ez zaie miseria bere leihotik ikustea gustatzen, beraz kontsumismoz mozorroturiko ongizatea banatzen du bere auzotarrentzat. Urruneko pertsonekin, ni eta zu bezalako pertsonen miseriaz baliatzen da aberasteko ordainetan.
Hau da gure jendartea, batzuen miseriaz baliaturik demokrazia lezioak ematen dizkiguten gorbatadunek kudeaturikoa.
Garapena berriz abstraktoa da, denon diruz finantziatua, ez dakigu zertarako egina baina hori da. Ez dakigunez zer den, hain zabala da bera, ba ezin dugu zalantzan jarri. Baina atzera ezineko erabakiak hartzen ari dira, proiektu izugarri handiak aurrera eramaten ari dira, AHTa, saihesbideak, erraustegiak, superportuak…. Guztia miseria dagoen lurraldeetan sorturiko lehengaiak, boteredunen lurretan kontsumitzeko, eta guk, beraien auzotarrek jan ditzagun. Baina funtsa, pertsonaren, langilearen, esplotazioan oinarritzen dute.
Esan beharra dago proiektu hauek, izugarrizko diru xahuketa suposatzen dutela, diru partida publikoak, denon diruaz finantziatzen dira alegia. Inorri galdetu gabe interes espekulatibo eta enpresarialei soilik erantzunez, azpiegiturak egiteko erabiltzen dute diru pila eta honekin batera natura suntsitu, jendarte kontsumistak sortu, langileak esplotatu eta bide batez patrika partikularrak betetzen dituzte.
Honekin lotuta, datu kurioso bat; AHTa egiteak 900 mila milloi kostatzea aurreikusten omen dute eta hori euskal Yak bakarrik. Etxebizitza sailak 25 urterako diru partida hori du. Moralaren nobeldunek kontuan izateko alderaketa ezta?
Dena den honek badu buelta. Ekonomia krisian da, dogma den (zen?) eredu ekonomikoa gain beheran doa eta errezeta zaharrak ikusten ari gara. Inora ez garamatzaten neurriak. Orain gure lana da, herritar xumeon xedea, eguneroko lan umilaz eredu orekatu bat eraikitzea.
Konpromiso txikiez, eguneroko lanaz, baina irmotasunez eta koherentziaz aurrera aterako dugu alternatiba erreal bat. Noski baietz!
Bukatzeko deialdi bat luzatu nahi dizuegu. Azaroaren 29an goizeko 9:30etan, Plazatik Buruntzara AHTaren aurka egingo den mendi martxara. Animatu!! Osasuna!!
Kepa Pikabea Urdangarin
(Hernaniko AHTaren
kontrako taldea)