Festa antolatu du Hernaniko Hezkuntza Plataformak, herriko ikastetxe eta eragileekin batera, euskal curriculumaren alde. Larunbat honetan izango da, goizeko 11:00etan hasita, bandoarekin, Plazan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, «helburua da kontrajartzea LOMCEren eredua eta guk nahi duguna. Erakutsiko dugu LOMCEk zer ekarriko dion hezkuntzari, eta gure eredua zer izango litzatekeen. Eta agerian utziko dugu, LOMCE atzera joatea dela, eta ez dugula hori nahi».
Hiru gune, antzerki, musika eta ipuinekin
11:00etatik 13:00etara izango da festa, eta hiru gune egongo dira: Hizkuntzaren gunea Plazan, Baloreen gunea Tilosetan, eta Curriculumaren gunea Biteriko plazan.
Horietan, antzerki bidez erakutsiko dute, eredu bakoitzak zer proposatzen duen: Curriculumaren gunean eskola irudikatuko dute, eta Hizkuntzaren gunean patioa.
Beste hamaika aukera ere izango dira guneetan: margotu, ipuinak entzun, erakusketa, musika...