Gaur jakingo du Ibon Fernandez Iradi presoak, kartzelan jarraitu beharko duen edo ez. Esklerosi anizkoitza dauka Fernandezek, gaixotasun larria, eta gaur erabakiko du Pariseko tribunalak, preso egotearekin bateragarria den.
Hori zehazteko, hiru osasun azterketa egin dizkiote. Aurreneko biek zioten, gaixotasuna eta kartzela ez direla bateragarriak; hirugarrenak, berriz, baietz.
«Espetxean jarraitzeak ondorio atzeraezinak ekarriko dizkio»
Horren harira, Hernaniko Sarek adierazi du, espetxean jarraitzeak «ondorio atzeraezinak» ekarriko dizkiola Ibon Fernandezi, «gaixotasun larriekin diren beste presoei bezala».
«Gaixotasunaren tratamendu egokirik gabe, konfiantzazko medikuen jarraipenik gabe eta espetxeko egunerokotasunean, bertan pasatzen duen egun bakoitza, egun galdu bat da gaixotasunari aurre egiteko», azaldu dute.
Manifestazioa, Lasarte-Orian
Preso eta iheslarien senideak, beldur dira gaurko erabakian «mendeku politika» aplikatuko duten. Horregatik, manifestazioa egingo dute Lasarte-Orian. Okendo plazatik abiatuko dira, arratsaldeko 19:30etan, Giza eskubideak errespetatuak izan behar dutelako, Ibon etxera lelopean. Herritar guztiei luzatu diete deia, batzeko.
Kasua ezagutzeko, Oihu anizkoitza dokumentala ikusgai dago YouTuben.