Astigarragako edadetuenek omenaldia jasoko dute igande honetan, Astigarragako Udalak, Astigar E.O.E.-k eta Gure Izarra elkarteak antolatutako festan. Guztira, 80 urtetik gorako 204 astigartar omenduko dituzte; horietatik 123 emakumeak dira, eta 81, gizonak.
Denetan urte gehien dituen emakumea 96 urtekoa da, eta gizona, berriz, 98 urtekoa. Adinekoak izanagatik ere, festarako prest daude!
Guztira, 204 astigartar omenduko dituzte; 123 emakume eta 81 gizon. Emakume helduenak 96 urte ditu, eta gizon helduenak, 98.
Egun osoko festa
Ospakizunak goizean goiz hasiko dira, Txirriska Txistulari Taldeak 09:30etan egingo duen dianarekin. Gero, 11:30etan, txarangak jarriko du musika, eta 12:45etan meza egingo da plazako frontoian.
Segidan, dantza eta kantu emanaldia izango da. Astigar dantza taldea hasiko da 13:30etan, eta Aiztondo abesbatza arituko da gero.
Azkenik, Gure Izarra elkartean bazkalduko dute denek, Alberro anaien soinuak lagunduta. Omendu guztiek opariak ere jasoko dituzte.