Astigarragako Udalak hitzarmena sinatu du Behemendi elkartearekin, Txoritokieta mendiaren magalean dagoen 9.504 m2-ko lur-sail bat zesioan uzteko.
Helburua da bertan ekoizpena eta kontsumoa sustatzea nekazaritza ekologikoaren inguruan, herri mailako proiektuen bidez. Ekoizpen ekologiko horretan aurrera egiteko, ekoizle sarea indartu beharra dago, eta, hain zuzen, Behemendi elkarteak lehiaketa jarri du martxan, proiektu bat aukeratu ahal izateko.
Epea zabalik, maiatzaren 29ra arte
Behemendik konpromisoa hartu du lur-saila egokitu eta ondoren, nekazari baten esku uzteko. Nori utzi erabakitzeko, berriz, lehiaketa jarri du martxan.
Astigarraga eta inguruko herrietako edonork hartu dezake parte. Produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea eduki behar dute helburu proiektuek, eta baratzagintzara bideratutakoak lehenetsiko dira. Era berean, kontuan hartuko dira ekoiztutako produktuen salmenta modua, sortutako lanpostu kopurua eta ekoizpenaren dibertsifikazioa.
Proiektuak Behemendin aurkeztu behar dira, maiatzaren 29a baino lehen. Informazio gehiago: 943 49 02 19 edo behemendi@behemendi.eus.