Euskal curriculumaren aldeko festa izango da Hernanin, larunbatean. Hezkuntza Plataformak antolatua da, Langile, Elizatxo, Urumea, Txirrita, Institutua, Haurreskola eta Udalarekin batera. AMHER, Pausoka eta Bilgune Feministaren laguntza ere izango dute. Azaldu dutenez, «festaren helburua da, kontrajartzea LOMCEren eredua eta guk nahi dugun eredua. Erakutsiko dugu LOMCEk zer ekarriko dion hezkuntzari eta gure eredua berriz, zer izango litzatekeen. LOMCE atzera joatea dela agerian utziko dugu eta ez dugula hori nahi».
Aldarrikapen festa goizeko 11:00etan hasiko da Plazan, bandoarekin, eta 13:00etan bukatuko da. Hiru gune izango dira.
Antzerki eta ipuinen bidez
Hiru gune jarriko dituzte: Gudarien plazan, Hizkuntzaren gunea izango da; Tilosetan, Baloreen gunea; eta Biteriko plazan, Curriculumaren gunea.
Hizkuntzaren eta Curriculumaren guneetan erakutsiko dute batez ere, LOMCEko eskolaren eta beraiek aldarrikatzen dutenaren arteko diferentzia. «Curriculumaren gunean, antzerki moduan erakutsiko dugu garai bateko eskola zer zen. Pupitreekin, azterketekin… Eta horren aurrean, gure eskola eredua erakutsiko dugu, txoko libreekin. Hizkuntzaren gunean, berriz, eskolako patioa irudikatuko dugu. Eta berriz kontrajarriko dira bi ereduak. Garai bateko abestiak kantatuko dituzte LOMCEren ereduan, eta gurean, ipuinen txokoa egongo da, ipuin kontalari batekin. Muralak ere egiteko aukera izango da, aurpegiak pintatuko dira…».
Eta Baloreen gunean, herriko eragileei emango zaie garrantzia. Aniztasuna landuko dute. Perkusioa eta henna izango dira, erakusketa bat...