Farapi aholkularitza enpresak, Gizain izeneko web orria (www.gizain.net) sortu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin. Gipuzkoako enpresek gizartean duten erantzukidetasuna edo ardura bultzatzea dute helburu. Eta Gizainen barruan, Hernanikidetu proiektua dago, beste batzuekin batera. «Proiektu horiek soluzioak bilatzen dituzte lurraldean giza garapen jasangarri bat lortzeko», diote.
Web orri horretan, proiektuaren jarraipena egin liteke, zein fasetan dagoen ikusi eta informazio zehatza eta eguneratua jaso.
Hernanikidetu, «proiektu berritzailea»
Hernanikidetu ekimenean lau enpresak hartzen dute parte: Arremanitz, Spora, Fly Group eta Talleres Mitxelena. Lau enpresa horiek, eta herriko hainbat elkartek eta instituzio publikoek, Hernanik dituen gizarte arloko erronkak identifikatuko dituzte, ekimenak proposatze aldera, erronka horiek hobetzeko eta lankidetzan jarduteko. Ekimen horiek agenda batzuetan bilduko dituzte proiektua bukatzean.
Hala nabarmendu dute: «Gizartearen arloan, proiektu berritzailea da Hernanikidetu. Enpresaren, pertsonen eta ingurunearen arteko harreman eredu berria garatzen du. Eta helburu du, gizarte-kohesioan eta herriaren garapenean positiboki laguntzea».