«Inoiz baino beharrezkoagoa da ekintza sindikala»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 2a, 02:00

Maiatzaren Lehenaren bueltan, eskualde mailako manifestazioa egin zen atzo Hernanin, LABek deituta. Ehundaka lagun izan ziren kalera atera zirenak. Euken Villasante LABeko ordezkariak salatu zuen larrialdi egoera latza bizi duela Euskal Herrian langileak, eta lanean jarraitzeko konpromisoa har­tzen duela LABek: «Gure lehentasuna prekarietatearen eta pobreziaren aurka borrokatzea izango da. 35 ordu, 1.200 euroko gutxieneko soldata, prestazio duinak, zerbitzu publiko unibertsalak eta etxebizitza duina lortzea. Horrez gain, justizia sozialean oinarrituko den Euskal Herri burujabearen eraikuntzan aktore nagusi izateko anbizioz lan egingo dugu».
Errekuperazioaz hitz egiten den arren, alarma gorriak piztuta jarraitzen duela gaineratu zuen: «Azken urteotan krisia sortu eta ondoren krisia zabaldu dutenak oso gustora daude, eta horrela jarraitu nahi dute luzaroan. Horregatik luzatu nahi dute guretzat hain bidegabe eta lazgarria den egoera hau, eta horregatik asmatu dute errekuperazioa izeneko ipuina, gezurra irentsi eta geldi geldi egon gaitezen. Baina ez gaituzte engainatuko».
Eta gaur, sindikalgintza zalan­tzan jartzen ari den honetan, oraindik eta beharrezkoagoa dela aldarrikatu zuen: «Gaur, inoiz baino beharrezkoagoa da erantzun kolektiboa, ekintza sindikala, mobilizazioa. Erresistentzia behar beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Gure aldarrikapenak aurrera eramateko eredu eta estrategia sindikalak behar ditugu. Egoera sozial eta politikoari erantzutera behartuta gaude sindikatu eta erakunde abertzale modu­an. Borrokarako jaio ginen eta bidea egiten jarraituko dugu!».

Gazte eta pensionistek ere deia
Gazte mugimenduak ere bat egin zuen mobilizazioarekin eta adierazi zuten sistema patriarkal kapitalistaren aurka altxatu eta eredu propioak aldarrikatu behar direla: «Burujabeak izateko garaia da. Horretarako, ordea, ezinbesteko dugu borroka. Eta maiatzaren 1a, borroka eguna da». Alternatibak eraiki­tzeko dei egin zieten gazteei: «Herri berri sozialista eraikiko duen indarra gara. Herri aske, sozialista eta feminista dugulako helburu!».
Euskal Herriko adinekoen eta pentsionisten taldeak ere, prejubilazio edo jubilazio adinean dauden herritarrei dei egin zien beraien borrokara batzeko: «Indarrak bateratzea erabaki dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren edukien inguruan. Konpon­bidea gure eskuetan dago! Elkartu ditzagun indarrak!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!